XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

V. MENDIBURUREN MINTZAIRA Letra argi, txukun eta irakurterraza dela esan dut Mendibururena, nahiz oso txikia, lehen tomokoa batez ere.

Alde horretatik ez dit neke eta ardaila handirik sortu esku-izkribuen irakurketak.

Ehunka orrialdetan barna ez da harritzeko, ordea, hitzen batzuk duda-mudazko gertatzea edota idazleari berari oharkabean bezala hutsegiteren bat itzurtzea.

Ez da hori okerrena.

Mendibururen esku-izkribu hauen alderdirik makurren eta ernegagarriena besterik da: hots, lehen saioan eta idatzaldian Irakurraldiak lumatik paperera jalki zitzaizkion tankera, bigarren aldiz irakurri zituenean zenbait aldetatik arras gogobeteko ez gertatu eta lehenaren grafia, nahiz hitzen forma, nahiz perpausen taxua biziki aldatu izana, orrialde guztiak goi-barren ezabaketaz, aldakuntzaz eta zuzenketaz zikindurik eta itsusturik eta marraskaturik utziz.

Ikusi gabe ezin sines daiteke bigarren tomoaren zenbait orrialde nola dagoen.

Ehun baino zuzenketa gehiago, handi nahiz txiki, ditu irakurraldi bakoitzak.

Maiz, bigarren tomoan batikpat, aldatu nahi zuen zatia aski luzea eta egin nahi zuen aldakuntza hitz bat edo beste ukituz ezin zuzenduzkoa izaki, eta testu berritua paper mutur batean ostera idatzi zuen, zaharrari gainean adabaki gisa itsatsirik.

Horrenbestez esku-izkribuak irakurri eta argitaratzeko garbiro ezartzerakoan, zirt edo zart egin beharrean aurkitu naiz: zein forma eta zein testu hartu, azpiko zaharra ala gaineko berria? Zuzenketa guztiak Mendiburuk berak eginak direla onarturik ere eta ez direla esaten ez nintzateke ausartuko , gauza bat dago garbi: idazleari batbatean, berez eta inolako aurre-eritzirik gabe, inoren eta ezeren eraginik eta gauzak bi bider pentsatu gabe isuri eta jalki zitzaiona azpiko testua dela; jatorragoa eta berezkoagoa esan nahi dut.

Hori dela bide, maizenik azpiko testu eta formak ematen ditut ahaleginean.

Grafia soilari nagokiola, zer esanik ez letraldatu gabe dagoen dagoenean ematen dudala esku-izkribukoa.

Maiz erabiltzen dituen honelako (@-) marratxoak gutxitu ditut ahalik gehien;(...).