XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6.3. BESTE DETERMINAZIO BATZU.

2. taulan lagin bakoitzean egindako gainerako determinazioak agertzen dira: osatzaile sekundarioak, behe-mailako osatzaileak, trazak eta bai Código Alimentario Español delakoan (1.967, cf, CUSTODIO eta LLAMAS 1.676) kontsumorako arauetan agertutako beste parametro batzu ere.

Honelako arro batean logikoa denez (goiko arroa baita), elementu metalikoetango edukiak txikiak dira, normalean, Lemoa-Igorre eskualdean salbu, bertan, arro honetako industriak kokatzen baitira.

Ag, Al, Cu, Pb eta Zn elementuetango edukiak, arro honetako prezipitazioaren uretan aurkitutakoen magnitudearen ordena berekoak dira GRACIA eta ELEJALDE-ren (1.977) datuen arauera.

Elementu hauei dagokienez, 10. laginean aurkitutako Ag elementuzko eduki eznormala aipatu beharra dago, berau, Arratia eskualdeko prezipitazioaren urarena baino 100 aldiz handiago baita.

Beste lagin batzuk ere (wealdientsekoak edo urgoniarreko baseko sekuentziakoak) eduki altua aurkezten dute elementu honetan (Ag) , baina horri buruzko hipotesirik ez dago oraindik landuta.

Era berean, Lemoa inguruko ibilguetan hartutako laginetan, eduki altuak irteten zaizkigu, bai Cu zein Pb elementuetan.

Honen kausa, dudarik ez, bertako industrigintzan datza.

Antzeko anormalia agertzen da, Pb elementuan, hareharri urgoniarreko 22. laginean, baina oraingo honetan, industriaren ondorioak ez dira hemen sentitzen.

Honen kausa, ba, beste nonbait aurkitu behar da, baina momentuz, dauzkugun datuekin ezin dugu hipotesi seriorik aurreratu.

Bestetik, aztertutako laginetariko batzuk, Fe elementuaren eduki altua aurkezten dute, 1. lagina, batez ere.

Lagin honen Fe-edukia 8,43 mg/l da eta wealdientseko materialeetan agertzen da, bertan, lehenago aipatu dugunez, pirita-multzoak ugari direlarik.

Izaera burdintsu hau, kolore- eta uhertasun- parametroen balore altuenekin batera doa, koloideen agerpenagatik hain zuzen ere.

Bestetik, lagin hauk dira Mn elementuzko eduki altuenak aurkezten dituztenak.

Hau normala da Mn eta Fe elementuen jokabide geokimikoa berdintsua dela kontutan harturik.