XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal-Kantaurialdean agertzen diren materialerik zaharrenak (Diapiroetako triasikoa eta Gernikaldeko Jurasikoa, aparte utzirik), wealdientse faziekoak dira, hau da, Neokomientsea-Barremientsea denboratartekoak (Behe-Kretazikoa).

Ikus gehigarrietan Unitate Kronoestratigrafikoen taula.

Materiale hauk Bilboko antiklinorioko nukleoan agertzen dira, Laredo aldetik Aizkorri mazizoraino.

Materiale hauen litologia hau da : garau finetako hareharriak eta argilita beltzak (harbelak deiturikoak), askotan piritarekin elkarren txandan (flysch).

Rat-ek fazie beltza deitzen dio flysch honi.

Fazie honen gainetik konplexu urgoniarra dago (Aptientsea - behe-Albientsea), jatorriz arrezifala den kareharri-multzo batez eraturik, berau formazio detritiko baten barruan dagoelarik.

Albotako fazie-aldaketak ugari dira konplexu honetan.

Kareharri-multzo horri dagozkio, hain zuzen, erliebeko gailurrik nabarmenenak; hala nola: Anboto eta Aizkorri kateak, Itxina eta Aramotz mazizoak, ... Formazio detritikoan hareharri karetsuak eta kareharri tupatsuak ugari dira.

Aipaturiko materialeen gain konplexu supraurgoniarra (goi-Albientsea - behe-Zenomanientsea) dago, batez ere, hareharriz eraturik dagoena.

Hareharri hauekin batera eta flysch fazietan eraturik, burdinezko noduluak dauzkaten argilita horritsuak agertzen ohi dira.

Konplexu honetan kareharri-multzo batzu ere ba daude.

Goi-Kretazikoko materialeak (Zenomanientsetik Maestrichtienseraino) tupaz, hareharriz (batzutan flysch fazietan) eta kareharri masiboz eraturiko sekuentzia handi batetan daude adierazita.

Behe-Eozenoari dagozkion materialeak flysch fazietan dauden tupak eta hareharriak dira eta berauen gain Erdi-Eozenoko kareharri-multzoak eta hareharriak agertzen dira.