XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
- Badakik ondo asko ezin hi bezala igo naizela.
Ez duk inola ere posible.
- Orduan bakarrik jan beharko diat guztia.
- Baina - esan zion Azerik erabat aztoraturik - gogora hadi harrapatutako guztia erdibana egitea agindu diogula elkarri.
Beraz neri zegokidak odolkiaren erdia.
Gainera bedeinkatua zegok eta pekatu egingo huke osorik jango bahu. Bota iezadak dagokidana.
- Erotu duk Azeri. Odolki bedeinkatu bat bota! Garbi nahi diat nere arima horrelako pekatutik.
Nola arriskatuko nindukek, bada, honen gauza saindu bat lokatzetan zikintzera.
- Ezta inola ere! Eskertzen diat bedeinkaturik zegoela garaiz abisatzea, erdia botatzera nihoan bestela eta.
- Pekatu horretaz neu egingo nauk kargu eta bota iezadak erdi hori.
- Ez, Azeri ez. Heuk ere badakik ondo asko, odolki bedeinkatua lurrean ez baino zerutan behar litzatekeela jan.
Nere ondora etorri nahi ez baduk, hor konpon.
- Ezin nauk, ordea, horreraino igo.
- Piska bat ohitzea duk guztia - Tibertek miazka erremiazka -.
- Gozoa zegok benetan odolkia.
- Hi, berriz, asko sentitzen diat baina, igo nahi ez baduk heure kaskagogorkeriak galduko hau.
- Behin eta berriro eskatzen diat, eman iezadak nere partea - esan zion errukiro Azerik.
- Etorri eta har ezak.