XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina liburu hau areago ere bada.

Gaurko bertsolaritzaren erradiografiarik fidelena bere orrialdeek eskaintzen digute eta baieztapen hau soberazkotzat jotzen duena errepara dadila datu honetan: 1993.ean Euskal Herrian egin ziren 673 bertso-jaialdietarik, 60k aurkitu du lan honetan isladarik.

Bistan da hika-miketan has gintezkeela egin den aukeraketa zuzenena ote den.

Halaberean beti izanen da holako edo halako lekutan aditu bertso borobil hori hemen agertzen ez dela eta zergatika hasiko denik.

Hori dena, ordea, guttienekoa da, nik uste.

Aldiz, orain eta hemen bertsolaritza nondik nora dabilen jakin nahi duenaren eskutan uzten den lehen mailako dokumentua da inportanteena.

Bada arrenkuratua agertzen denik, kasurako, bertsolaritzak bizirik irauteko egunez egun egin behar duen egokitzapenaz.

Bertsolarien irudimena eta baliabideak zertan dabiltzan, topikoetara gehiegi makurtzen ote diren, ematen zaizkien gaiek nahiz erabiltzen dituzten formulek berrikuntzarik dakarten... holakoak, eztabaida sorrarazten duten aferak dira.

Horien kezka duenak, argi izpiren bat aurkituko du, ezpairik gabe, ondoko orrialdeetan, baita beharbada, trankil gelditzeko arrazoi bat baino gehiago ere.

Bertsolaritzaren barrenari baino areago, azalari dagokion bertze alderdi bat ere badugu, zaleen jakinmina bizten duena; pastelaren banaketa edo, sukaldeko hiztegia erabiliz.

Liburuari begiratuta, aisa antzeman daiteke nor diren ibiltzen diren bertsolariak, baita non ere.

Arlo honetaz mintzatzerakoan taldekerietan -gazteak, zaharrak- nahiz probintziakerietan erortzeko arriskua dugu beti.

Ezin uka ordea, nola-halako ezinegona eragiten duela.

Hona, horren adierazgarri, Iñaki Perurenak gai-emaile lanetan Leitzan jarritako gaia: Gaur hemen, Naparroako herri batean, Gipuzkoako hiru bertsolari zaudete.

Zer pauso eman behar dira Naparroan Gipuzkoako hainbat herritatik hiru bertsolari naparren eskaria izateko?

Nor-non dabilen aipatu dugu.

Nor ez dabilen, hori ere ezin saihestuzko afera dugu.