XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARRERA

Katuen Testamentua

Herri-tradizioko gaiak dira hemen eskuartean erabiliko ditugunak.

Tradizioa zer den zehaztu behar genuke lehenengo eta behin.

Normalean hitz hori lehenagoko eta aintzineko gauza edo kontuekin lotu ohi dugu.

Uste hori ez da okerra.

Hemen agertuko zaizkizun kantu asko eta asko, bai berben itxuratik, bai testuak eratzeko taiutik, bai musikak berak azaltzen dituen ezaugarrietatik, aspaldi-aspaldikoak direla esan genezake.

Badira beste eredu batzuk, ostera, oraintsurago sortuak direnak.

Zelan igarri hori?

Ba, lehenengo eta behin, itxuraz bertso-moldeetatik hurbilago daudelako, eta bestetik, askotan eta askotan antzeko lekukotasunen bat idatziz ere ezagutzen dugulako.

Era honetakoak dira, esate baterako, hemen dakartzagun Ardiaren kanta eta Matxalen Kardu.

Lehenengo kantu horren antzeko batzuk ezagunak dira eta idatziz ere eman izan dira (J. A. Uriartek bere Poesia Bascongada bilduma ederrean batzen ditu, eta Durangoko Zidarginek-edo eginikoak dira antza; E. M.ª Azcuekoak ere, adibidez, badu gai beretsuko bertso-txorta luze bat).

Bigarren kantuaren egilea ere ezaguna dugu: Urretxindorra bertsolaria.

Hau holan bada, zergaitik hona ekarri bertsook edo kantuok hain berriak izanik?

Zergaitik ez kantu-sorta honetatik kanpo laga?

Erantzuna, kantuok biltzeko hautatu dugun erizpideak berak emango digu.

Bilketa nagusiena gaur egun gure herriko jendeak bere gomutan gorde duen ondaretik jasoa da.

Herriko jendea, edo herria esaten duguna, ez da gauza ikustezina; herria gure etxeetako aitita-amama, aita-ama, izeko-osaba, seme-alaba eta mutilzahar-neskazaharrek egiten dute.

Euren buru-bihotzetako kantu-bilduma, urteak joan urteak etorri ingurukoengandik jasotakoaz mardultzen doa, eta ez bakarrik aintzineko ereduekin.

Puntu batera ezkero, orain dela ehun, berrogeita hamar, hogei urte, edo orain urte batzuk indartsu ibilitako abestitxo bat, edo egile jakin batek jarritako bertso berriak herri-ondarearen atal izatera etorri dira.

Kantariek abestion egileen aztarrena guztiz galdu dute, eta orokorra den tradiziokotzat hartu.

Honezaz aparte, tradizioaren bideak ez dira askotan guk uste bezain xehe eta berezkoak.

Gauza argia da, esaterako, erdal kantuen munduan eskolak eredu batzuren hedakuntzan izan duen eragina (soka-saltuan egiteko kantuetan, adibidez).

Zoritxarrez euskaraz ez dugu halako erakunde indartsurik izan oraintsura arte.

Dena den, elizaren babesean gure hizkuntzak izan du bere txokotxoa, eta hau nabarmena da bai herri-kantuetan zein herri-usadio eta ekanduetan.

Zilegi izan zaio horretara, beraz, elizari ere herri-kantuei bere usaintxoa ematea.

Antzeko fenomenoa jazo zen gerra-aurreko abertzaletasunaren suspertzearekin.

Garai haretan euskal giroetan, indar haundia hartu zuten kantutegiek.

Horietan bazeuden herri-kantutegitik jasotako eredu batzuk (Txakur galdua, hemen daukagun Dringilin dango etan dagoen oilo galduaren beste aldaera bat, eta abar).

Giro honetatik etorri zen, beranduago, lehen euskal eskola eta ikastolen loratzea.

Hauek izan ziren, esaterako, Iparraldeko tradizioko kantu batzuren igarobidea (liburu honetan dakargun Hain urrin etxe poxpola, esaterako), hegoaldean ondo txertatu direnak.

Hau da bada gure Katuen Testamentuan agertuko diren kantuen azalpena.

Horregaitik ez da bata bestea baino gehiago izango.

Berdintsuak dira guretzako ume-umetan erabilitako errezitadu soilak eta portuko kantuak, poesia narratiboetatik datozen testu-hondarrak eta bertsolarien erara onduriko bertsoak.

Herri-tradiziotik edan duen kantari batek bere-bere egin dituen kantu-moetak dira guztiak.

Kantuok zertarako

Kantua bizitzako egoera jakin bati egokitu zaion apaingarria da.

Herriak ondo jakin du bereizten poz aldia eta negar aldia, jolas aldia eta eskola aldia, kantuok direla aldikada hauen erakusle.

Hemen aurkeztuko zaizkizun eredu asko, ekintza batekin, olgeta edo jolas batekin, egoera jakin batekin loturik agertuko zaizkizu.

Hauen berri kantuaren gaineko oharretan emango zaizu.

Baina abestia ez da hitza edo berbak bakarrik; badago beste alderdi bat, eta ez garrantzi gutxikoa gainera: musika bera.

Kantutegi honetan sartu aurretik, kantu bakoitzaren musika alderdia ondo eta zehatz aztertu izan da.

Kontu handia euki da hemengo kantuok ume txiki eta koskortxuak kantatzeko modukoak izan daitezen.

Txikitxoenentzat errezitaduak eta nota gutxiagoko kantuak izango dira egokiago.

Koskonduentzat beste kantu zailagoak.

Zelan kantatu

Dudarik gabe, kantuok abesteko erarik egokiena, tokian tokian, zeure herrian, zeure auzoan (...).