XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) edo horrelako zerbait egingo bait dio.

Adi egon eta bizkor badabil haurra, eskuak batu edo gorde egiten baditu, zigor honetatik libre izango da.

2. jokoa

Ezaguna dugun Un dos tres, carabín bon banen erara jolas daiteke.

Haur bat horma baten kontra dago eta gainontzekoak horma horretatik bost bat metrora edo gehiago, iladan guztiak eta hormari begira.

Hormatik distantzia berdinera egon behar dute guztiek.

Jolasak irauten duen bitartean hormaraino hurbiltzen saiatuko dira; horman dagoenak, amak, besoa eta burua horman jarri, atzera begiratu gabe, eta Bat, Matxin Parrat esango du.

Amak hau dioen bitartean, pausu bat edo bi, bakoitzak ahal duena emango dute atzekoek, beti, hori bai, hormakoak ikusiko ez dituen moduan eta momentuan.

Izan ere, bere esaldia amaitu, burua jiratu eta baten bat mugitzen ikusten badu, harrapatzen badu amak, harrapatuak berriro joan beharko du atzera, jokoaren hasieran zegoen tokira.

Hurrengoan, Bi, Mitxel Eperdi esango du hormakoak, eta berriro baten bat mugitzen harrapatzen saiatu.

Honela behin eta berriro.

Halako baten, haurren bat hormari ikutzera ailegatuko da; horixe berori izango da hurrengo jokoan ama.

3. jokoa

Astoka eta potroka jolasteko, bietarako erabili izan da abesti hau.

Gaur egun ere proposa geniezaieke gure haurrei honelako jokoren bat.

Astoka jolastea, gutxi gorabehera larogeita hamar graduko angelua egiten ume bat lepoa makurtuta dagoela, beste batek honen gainetik saltu egitea da.

Saltu bakoitza egitean esaldi bat esango du saltulariak (Bat: Matxin Parrat).

Izan daiteke ume bakoitzak beste hamarren gainetik saltu egitea, bakoitzaren gainean esaldi bat esanez edo hamar bat haur saltuka ibiltzea eta bakoitzak saltu egiten duen lehenengoaren gainean esaldia esatea, lehenengoak Bat: Matxin Parrat, bigarrenak Bi: Mitxel Eperdi eta honela jarraituz.

4. jokoa

Potroka jolasten denean (Txorro, Morro, Piko, Tallo, Ke), kopuru berdineko (bost bat ume edo) bi talde izaten dira jolasten, talde batak azpian egon beharko du eta besteak gainera saltu egin.

Zaldiak deituko ditugu lehenengoak eta zaldunak besteak, errazago ulertzeko.

Ama bat ere izaten da, horma baten kontra jezarrita.

Jokoa hasteko, zaldiak kokatu behar dira.

Lehenengoak burua eta besoak amaren altzoan jarriko ditu.

Gainontzekoak bata besteari kateatuko zaizkio, bata bestearen atzean, ama dagoen tokitik urrunduz, irudian agertzen den bezala.

Kateatzeko, bakoitzak aurrekoaren hanken artean sartuko du burua eta aurrekoaren hankei eutsi.

Zaldiak prest daudenean hasiko dira zaldunak gainera saltu egiten.

Honetarako, abiadura hartu, zaldiren baten bizkarrean eskuak jarrita bulkada hartu eta zaldiren baten gainean geratuko dira.

Saltu egitean, lehenengoak Bat: Matxin Parrat esango du; bigarrenak Bi: Mitxel Eperdi....

Honela banan banan egingo dute saltu zaldun guztiek, guztiak zaldien gainean egon arte.

Ez badute guztiak gaineratzea lortzen, jokoa amaituta dago; hurrengoan zaldi izatea tokatzen zaie.

Demagun lortu dutela zaldien gainean jartzea.

Gainean dauden bitartean zaldunen bat jausten bada, jokoa amaitu da, goian esan dugun bezala jarraituko du hurrengo txandan.

Gainean daudela zaldunek ezin diote oinekin lurrari ikutu, ezta oina edo hanka astoren baten gorputzak egiten duen mugatik barrura sartu ere.

Ez balute arau hau beteko, jokoa amaituko litzateke.

Zaldiak jausiko balira, pisuari ezin eutsita, berriro hasiko litzateke jokoa, ezer aldatu gabe: zaldunak berriro zaldun, eta zaldiak berriro zaldi.

Honelakorik ez bada gertatzen eta jokoak jarraitzen badu, amak bost atzamar erakutsiko dizkio hurbilen, lehenen dagoen zaldunari, honek, atzamar bati ikutuz, bat aukeratzeko.

Atzamarrek ezizen bana dute.

Txikienetik hasita: Matxin Parrat, Mitxel Eperdi, Kolko bete diru, Iko melau eta, lodiena, Koxkotean koxk.

Amaren altzoan burua jarrita duen zaldiak goiko zaldunak zein atzamar aukeratu duen igarten saiatu beharko du.

Asmatzen badu, zaldunak izango dira hurrengo jokoan zaldiak eta ez badu asmatzen berriro izan beharko dute zaldiek zaldi.

5. jokoa

Soka-salturako ere egokia da abesti hau, era honetan, adibidez:

Umeak bata bestearen atzean jarriko dira, sokan bizkor samar sartu beharko dutelako, banan banan.

Hiruna saltu egingo dute, bakoitzak esaldi bat esanez; lehenengoak Bat: Matxin Parrat, bigarrenak Bi: Mitxel Eperdi... eta honela hamarrera ailegatu arte.

Hamargarrenari lan berezia tokatuko zaio, Hamar mar-mari dagozkion 3 saltuak egiteaz gain, beste hamar gehiago egingo bait ditu, bat, bi, hiru, lau...hamar esaten, zenbaki bakoitzarekin batera saltu bat eginez, eta honekin batera, saltu bakoitzarekin batera lurra eskuaz ikutzen.

Amaiera hau zailegi irudituez gero beste hau egin daiteke, azkenak hamar jauzi egin, soka emaleek ahalik eta bizkorren soka ematen.