XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zumartxuri aundi bat ba da gure erriko enparantzan, eta arrizko aulki bat bere azpian; antxe egon oi zan eseri-ta, eta ari begira gu danak ao-zabalik; aipatzen zizkigun ekintzak entzun ta entzun, bere aotik zintzilik.

Lurbira osoan ez zan, ark ikusi gabeko lurralderik; ezta guda-burrukarik ere, berak parte artu gabekorik; mairuak, Marruekos`ek eta Tunez`ek eman-ala baiño geiago illak zituan; banakako elkar-austetan ere, Gante, Luna, Diego Garzia Paredes`ko, ta beste orrelako milla baiño geiago ibillia zan; eta garaille beti, dan-danetatik garaille, odol-ttantta bakar bat ere galdu gabe.

Bestalde, zauri-seiñale batzuk ba zituan, baiña ez ziran garbi ageri, eta zenbait guda-burruka ta elkar-jotzetan artutako arkabuz-balaenak zirala, esaten zigun.

Azkenik, beiñ-ere ikusi ez dan arrokeriz puztua, I-ka mintzatzen zitzaien bere kidekoei eta ezagunei, eta, soldadu izatez-beste deusen zorrik ez ziola, esaten zuan, errege berari ere.

Ba zuan besterik ere, arrokeri auetaz gaiñ, ara: musikari-xamarra zan, eta, ukitu-ariñean kitarra jotzen zuanean, itzegiñazi egiten ziola, esaten zuten batzuek; eta ez ziran ortan bukatzen bere doaiak; olerkari ere ba zan, eta, errian edozeiñ umekeri gertatzen zala-ta, legua t`erdi luzeko olerkia idazten zuan.

Soldadu au, bada, nik emen aipatu dudana, Errosa`ko Bixente au, azkar au, galai au, musikari au, olerkari au, auxe izan zan, bere begietan maiz Leandra`k euki zuana, bere etxetik, plaza-aldera dagon leiotik, begira-begira.

Eta biotzean azkure sortu zioten, aren soiñekoen urre-itxurek; eta kilikan jarri zuten aren olerkiek, bakoitzarenak ogei kopia-ale banatzen zituan-ta; belarrietara ere eldu zitzaizkion aren ekintzak, ark bere buruaz esandakoak, eta, azkenik, infernuko etsaiak ere ala erabakia izango zuan-ta, arengana maite-mindurik gelditu zan, ark onenganako eske-asmorik artu ere baiño leen.

Eta, maitasunezko aurrera-naietan, maitearen biotza bere alde daukanak egiñ oi du erraxen-erraxena bere egitekoa, eta, ara or, beraz, elkarri itz-emanik bereala Leandra ta Bixente; eta, bere amuruztu ugariek iñork ere igerri baiño leenago, betea zuan bere asmoa; soldaduarekin alde-egin bait-zuan erritik, bere aita maite-maitearen etxea utzirik, amarik ez du-ta; ekintza ontan bai atera zala garaille soldadua, berak aipatzen zituan ainbestetan baiño areago.

Arritu-ta utzi zuan erriko jende guzia gertaera onek, eta alaberean berri au entzundako guziak: zur-lur gelditu nintzan ni, txunditua Anselmo, naigabe aita, lotsetan aaideak (...).