XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) une artantxe sortua izan zan Ezkontza, Jainkoagandiko Sakramentua, ta eriotzak bakarrik askatu lezazken lokerak dituana.

Almen-birtute aundia du sakramentu miragarri onek; nor-izanean bi diranak, gorputz-izanean bat egiten bait-ditu; eta areago oraindik, senar-emazte zintzoengan; anima bana izanik gogo-nai bat besterik ez bait-dute izaten.

Eta emendik dator noski, senar-emazteen gorputza bat-bera izanik, emaztearen gaiñ jauzten diran zikin-akatsak, senarrarengan kokatzen dirala; naiz-ta onek, leen esan danez, ortarako galbiderik eman ez ba du-ere.

Ara: ankako miña edo-ta giza-soiñaren edozein atalekoa, gorputz guziak sentitzen du, bakar bat osatzen bait-dute gorpuzki guziek eta txurmioko miña buruak ere artzen du, onek eragiña ez izan-ta-ere; olaxen, senarrak ere beregaiñ artzen du emaztearen laidoa, onekin gauza bat-bera egiñik bait-dago; eta, munduko laudorio ta laidoak aragi ta odoletik jaioak izanik, olatsukoak noski emakume galduarenak, senarrak ortxe jaso bearko du bere tokamentua, ta, ez jakiñik ere, bere izen ona galdu-ta geldituko da.

Begira bada, ene Anselmo!, zer-nolako arriskutan jartzen zeran, zure emazte ona bizi dan pakea naastu-nai ortan.

Begira, nola, ikusmiñ txoro ergel ori dala-ta, zure emazte garbiaren bular-barrenak, pake-pakean daudenak, naastu nai dituzun; so-egiozu, utsaren urrengoa da-ta joku ortan irabazi zenezakena, ta zenbat galdu zenezaken; utzi dezadan bere ortan, geiagorako itzik ez datorkit-eta.

Baiña esan dizudan guzi au, zure asmo ortatik zu aldaerazteko naikoa ez balitz, beste bitartekoren bat billa zenezake, zure zoritxarreko ondamendi ortarako; ni ez naiz iñolaz-ere izango, orrengatik zure adiskidetasuna galdu bearko banu-ere, eta, auxe litzake nik asma nezaken gauzarik penagarriena.

Au esan-ta, isildu egin zan Lotario zintzoa; eta barne-illun gelditu zan Anselmo bere baitan, itzik erantzun-eziñik luzaro; baiña onela esan zion azkenik:.

Ikusi duzu, ene Lotario, nolako arretaz entzun dizudan esan nai izan didazun guzia, eta, zure arrazoi eta alegi-antzetan ikusi dut ikusi, zeiñen zentzuduna zeran eta noraiñoko lagun egiazkoa zatzaidan; eta, aitortu ere aitortzen dut, zure iritziari jarraitzen ez badiot, nereari baizik, zoritxarrerantz nijoala zorionetik igeska.

Au olaxen da, baiña nere oraingo gaitz au, emakume batzuek izan oi dutenaren antzekoa da: lurra, ieltsua, ta ikatza, eta gauza zikiñagoak, jateko gogoa egiten zaie (...).