XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezer ere pagatu gabe alde-egin ziola ikusirik, Santxo Panza`rengana joan zan bentaria ordain-galdez; onek berriz zera zion, bere nagusiak pagatu nai ez bazuan, berak ere ez zuala pagatuko; izan ere, zaldun ibiltariaren ezkutari izanik, bere nagusiarentzat bezelako arrazoi-lege berbera zala beretzat ere, ostatu ta bentaetan ezer ez ordaintzekoa alegia.

Erabat kopetillundu zan bentaria, eta onez onean ematen ez bazion, damu-izateko moduan kenduko ziola esan zion.

Ezetz erantzun zion Santxo`k, bere nagusiak arturiko zaldun-legez, ez zuala sos bat bakarrik ere emango, bizia galdu bear bazuan ere; ez zuan ez berak eten-eraziko zaldun ibiltarien usario zaarra ta ona, eta mundura etortzeko zeuden ezkutariak ere ez zuten zer esanik izango, orren lege zar zuzena autsi zuala aurpegira erantzunaz.

Santxo`ren zorigaiztoko alabearrez, bentaetxeko jende-artean ba zeuden: Segobia`ko euleak lau, Kordoba-Potro`ko orratz-saltzailleak iru, Sebilla-Feria`ko auzoak bi, jende alaia, intentzio onekoa, jostalaria ta biurria; gogo batek-berak mugierazi-ta bezela, etorri ziran Santxo`rengana eta asto-gaiñetik jeitxi zuten, oe-gaiñeko manta bat ekarri zuan aietako batek eta antxe jarri zuten; gora begiratuaz, goia bajuxko zegola ikusi zuten beren eginbearrerako eta istegira ateratzea erabaki zuten, an bai zeruraiñoko goia bait-zan.

Eta an manta-erdian jarria zutela Santxo, goruntz jaurtika asi ziran, arekin jolasean iñauteritako txakurrarekin bezela.

Ainbesteraiño ari zan oiuka ta deika manta-jostaillu gizajoa, entzun zuan bere nagusiak, eta, arreta guzian entzuten egonaz, bentura berriren bat ba zetorkiola uste izan zuan, alik-eta bere ezkutariaren oiuak zirala garbi ezagutu zuan arte; eta zaldia aruntz gidatuaz, lauoinka trixte askian bentaraiño etorri zan; itxi-ta zegon, eta bira osoan asi zan, nondik sartu arkitzen ote zuan; baiña esiaren pareta-ondora eldu zanean, bereala ikusi zuan bere ezkutariaren lepotik ari zuten joko gaixtoa.

Airean gora ta bera ikusi zuan, eta bai ariñ ta farregarri; aserreak utzi balio, farrez leertuko zan, nik uste.

Saiatu zan bai zaldi-gaiñetik esi-gaiñeko ertzera igo nairik, baiña zalditik mugitzeko ere ez zan gauza, erabat txeetua ta ebaindua bait-zegon; onela bada, zaldi-gaiñetik gaizki-esaka asi zitzaien Santxoren mantatzailleeri, itzik zikiñ lotsagarrienak esanaz; paperan nola jarri ere eziñ suma alakoak; baiña ez zuten aiek orrengatik beren farra ta lana utzi, ezta egazti Santxo`k ere bere antsiak, erregu txarrez ta onez oratuak; baiña alfer-alferrik izan zan dana alik-eta nekearen nekez utzi zuten arte.