XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KONTABILITATE NAZIONALA

Kontabilitate Nazionalaren helburua zera da: Estatu baten ekonomian gertatzen diren sarrera, gastu, ondasun eta zerbitzu-korronte guztien balioen zenbakizko eraketa egitea; korronte horiek magnitude makroekonomikoetan elkartzen dira.

Kontabilitate Nazionala, beraz, egiturazko analisirako eta politika ekonomikorako oinarrizko tresna da, alde batetik estatuaren edo nazioaren iharduera ekonomikoan egiaz gertatzen denaren izakera kuantitatiboaren ikuspegi orokorra ematen baitu, eta bestetik oinarri nahiko egokia azaltzen errealitate ekonomikoaren egoera eta berezitasunak, politika ekonomikoaren neurriekin bat etor daitezen.

Kontabilitate Nazionalaren aintzinako metodoak merkatu eta industri enpresen kontabilitate-sistema dira.

Horietatik, duela 500 urte Paccioli-k sortutakoa da ezagunenetarikoa.

Geroztik hedatua eta egokitua izan den sistema hau da enpresek erabiltzen dituzten metodo kontableen oinarria.

Metodo hauen bidez, enpresaren eragiketa ekonomikoen idazpenak egiten dira, haien ihardueraren ikuspegi kuantitatiboa eta haien politika enpresarialaren tresna bat edukitzeko.

Kontabilitate pribatuaren sistema, zenbait hastapenetan oinarritzen da, eta horien analisia eginez kontabilitate Nazionalak oinarri bezala erabilten dituenak ikus daitezke.

Lehenenik, kontabilitate pribatuaren eragiketak kontusail bikoitzez idazten dira; honela, idazpen bakoitzarentzat, beti ere ematen duen entitate ekonomiko bat dago eta jasotzen duen beste bat.

Kontabilitate Nazionalak hastapen hau jasotzen du herri baten ekonomian dauden sektore handien arteko eragiketa ekonomikoak adierazteko.

Bigarrenik, enpresaren kontabilitatean hiru kontu-mota daude: Aktiboak, Pasiboak eta emaitza-kontuak.

Desberdintasuna honetan datza: Adibidez, Galera-irabazien kontuak denbora-ari baten fluxuak adierazten ditu, eta beraz, denboraren funtziopean dago.

Kontabilitate Nazionalak, ekonomi nazional baten hondasun eta zerbitzuen korronteak adierazterakoan, kontu-mota bat bakarrik hartzen du kontuan, bere funtzionamenduan kontabilitate pribatuaren emaitza-kontuaren funtzionamenduari berdina zaiona.