XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orobat Erroma`tik itzultzean, Piarres heldu zen bere etxeraiño ate-joka, baiñan hauek itxirik iraun zuten, eta berriz ere bidez-bide eta mendiz-mendi atera behar izan zuen nora-ezean.

Gero, barkamena jaso zuen arte, nundik nora ibilli ote zen gure koblakaria?.

Helduaro guztian eta zahartzaroan ere bai beharbada, Zuberoa`ko Basabûria`n artzaingoan zenbait aldiz; herriz-herri bertso kantari, eskean, haurrei dotriña erakutsiz, beste batzutan; eta aberats eta bihotz honeko jendeak bertso truk opa zioten oturuntzetara hurbilduz ahal zuen guzietan.

Noiz jaso ote zuen etxekoen barkamena, edo hobeki mintzatuz, noiz atotsi ote zuten etxekoek?.

Eztago agiri bat ere holakorik aipatzen digunik, baiñan, haren heriotz-agiritik gauza bat dakigu garbi: Hirurogeitamasei urtetan Etxahunia`n hil zenean, alargun zela.

Beraz, hemendik ondoriotzat jo dezakegu, hala denik esateke, Engrazi hil ondoren hots egin ziotela, eragozpenik haundiena hau izan baitzitekean.

Gerta zitekean ere, nik eleberrian ipintzen dudanez, Engrazi`k, heriotz-orduan bildur-damuz (apika maite-damuz ere bai) hots egitea, bihotzik gogorrenak xamurtzen baitaki Erio`k.

Piarres Topet Etxahun 1862`ko Hilbeltzaren 17`an hil zen, sukalde-zizailluan etzanik, goizeko zortziretan.

Beraz, Etxahunia`ko nagusiak, apika eskeiñi etziotelako eta apika lur gogorrarekin anaituago zegoelako ohe biguiñarekin baiño, etzuen norbere etxean ohiaren goxorik eta berorik ezagutu, heriotzeko ordua heldu zitzaionean ere.

Tristeago ezin izan gure koblakariaren adurra mundu zital hontan!.

Haren hillobia Barkoxe`ko hillerrian dago, sarreratik ezkerretara hamabost hurrats eginda, Aita Lhande`k diotsagunez eta neronek ikusi ahal izan nuenez.

Etxahun`en bizitzaren albiste batzuk eman ditugu arian-arian; eman dezagun orain haren lanaren berri.

Etxahun, bertsolari edo koblakari ez-eze, olerkari ere izan genduen eta ez nolanahikoa gaiñera, haren ahapaldietan halako giar, esakizun indartsu, maisutasun eta goi-arnasaren eragin sendo bat nabari baita.

Etxahunen olerkiak bere bizi zorikabearen emaitz dira.

Beharbada, hainbeste sufritu izan ezpa`lu Barkoxtar koblariak, haren bertsoek elukete izango halako sentipen garratzik, hainbesteko samintasun jariorik eta hitz ozpindurik, iñori barrenak kordoka-erazteko eragiñik.