XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Gizon bat bialdu genuen zerraldoa zurginari egin-araz ziezaion, eta Urbistondo eta biok etxean gelditu ginen.
Aski txunditurik gelditu nintzen Elgea-ko sendagileak hildakoari egin zion heriotz-agiria ikusi nuenean, zeren Tristan Ugarte-ren izenean egina baitzegoen, ogibidez marinel.
Txokatu ninduen, baina ez nuen ezer esan.
Gauean, Urbistondo-k, morroiak eta nik bela egin genuen hilotz-ondoan, eta goizean herriskako hilobitegi koskorrean lur eman genion.
Hurrengo egunean, Mary farora joan zen bizitzera, eta Allen, morroi zaharra, Izarte-ko bentara aldatu zen.
Egun batzuk geroago, Allen etxean aurkeztu zitzaidan eskabide estrainu bat eginaz.
Eliz-liburu bat zekarren eskuan.
- Zure osabak eta nik - esan zidan misteri handiz - bagenekien non den altxor bat ezkutaturik.
- Gizona! - oihu egin nuen nik.
- Bai.
Afrika-ko kostan dago, eta liburu honek ematen du tokiaren berri.
- Eliz-liburuak?
- Bai.
- Eta zer nahi duzu egin dezadan?
- Aurrena, liburuan jartzen duena irakurri; gero, zuk gura baduzu, nerekin elkar zaitezke.
- Irakurtzeari dagokionez, ez dut eragozpenik.
Ezin uler dezaket, ordea, zergatik ez duzun irakurtzen zerorrek.
- Toki-erakustea euskaraz emanik baitago, eta ez dut ongi ulertzen esanahia.
- Ikus dezagun, bada.
Hartu nuen eliz-liburua, ingelesez iratzia horratik, eta letra batzuk lapitzez markatuta zeudela ikusi nuen.