XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Isaura ta Rogelio'k azkenengo artu zuten etxea, Buenos Aires'ko kale berrietan zegoen.

Alde ura oraindik etxez osatu gabea agiri zan eta lengo etxe illunaren aldean askoz alaiagoa ta argiagoa zalako, ara aldatu ziran bere iru seme-alabekin.

Rosa, alaba bakarra, orduantxe ari zan bere gaztetasunera zabaltzen.

Amazazpi urtekin, maitagarria zegoen neskatxa ta luzatu gabe, mutillen baten begietan sar zitekean oso barrura.

Seme biak, Jenaro ta Dimas izenekoak, itxoin zezaketen artean, baiña neskatxak bere aukera-ordua gaiñean zuan.

Egun aietan, aspertua zebillen Pako betiko ardangelako burruka aretan, eta bizibide ura aldatzeko aukera izan zuanean, etzan asarre.

Goizero, euskal-kantak eta zaldien perra-otsak urratzen zuan egunsentiko aidea.

Zaldizko esne-saltzailleen zarata alaiz betetzen ziran kaleak eta gaucho berri aiek emakumeen begietan oso edertuak agertzen ziran.

Rosa zaldizkoen otsera azkar asko jeisten zan ateraiño.

Esnez ontzia betetzen zioten eta gero luzaroan an egongo zan esne-saltzailleen joan-etorriari begira.

Ain zuzen ere, orduantxe azaldu zan esne-saltzaille berria.

Gaztea bera ta mutil egokia oso.

Arrazkero, goizak poz berria zekarkion neskatxa maiteberari.

Goizetik goizera alkarren berri jakiten joan ziran gazte biak: - Egun on, Rosa.

Deadar egingo zion mutillak bere esne-ontzia jasotzen zuala.

- Baita zuri ere, Pako.

Eta besterik gabe ba-zuten puska baterako alkar-izketa.

UDABERRI-LOREAK

Guretzat udazkena danean, Arjentina-aldean udaberria esnatzen da.

Panpa-aldeko aidea artean zorrotza zetorren baiña egunak luzatzen ari ziran.

Inguru guziak pozera ta alaitasunera deitzen zien biotzei.

Pako geroago ta pozago zebillen goiz-argi aietan.