XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nun da Ana?- esan zuan Ernesto'k atea iriki zioteneko, ta itxu-itxuan jo zuan gaixoaren ondora.

Eta orra nola, gaizki bukatzeko arrisku beltz ura, berriro zorion eta pozetan gozatu zan.

Andik aurrera, etxe artako gauzak bide onetik zijoazen.

Ezkondu zan Ana Ernesto'rekin eta andik urte gutxi barru, beste aizpa gazteagoak ere, beste ainbeste egin zuten.

Auen senargaiak Ameriketako aizea zuten eta Venezuela aldera jo zuten biak beren emazte gazteekin.

Dolores eta Juana Mari ere, beraz, Amerikak irentsi zituan.

Manolo gelditu zan artean ezkongai, baiña pare bat urte gerotxoago onek ere bere emaztea ekarri zuan etxera.

Ba-zirudian gurasoak alaba zarrenarekin eta seme gazteenarekin beren bizitzari eman ziotela pakea.

Baiña artean Juanarentzat etziran bukatu korapilloak.

Urrengo pausoa onerakoa izan zitekean.

Amandrea bere alabaren sasi-ezkontza ura nola zuzenduko asmaketan ari zan bere artean eta oraingoan zerua bere alde jarri ote-zitzaion sinistu ere egin zuan.

Amandrearen izarra oso dizdizari agertu zan beste izarren artean.

Egiguren'go Martin, Juana'ren legezko gizona, gaixorik ote-zaneko berria jaso zuten Bergara'ko perietan.

GAITZAREN MENDE

Urteak dira, gero, Egiguren'en sartu ez gerala.

Juana andik bialdu zutenetik, ez genduan bertako berririk.

Mikolas'ek artu ote-zuan etxeko nagusitza ta Martin bere gauza-eza nabarmendu zanetik, etxeko nagusitzatik atzeratua gelditu ote-zitzaigun bakarrik.

Ezkondu zan, ba, Mikolas eta ekarri zuan etxera bere emazte Erramona.

Au Elosu-aldeko basarri bateko alaba zan eta Egiguren'en sartu zanetik, bere lanerako ta etxea eramateko eskua erakutsi zuan.

Bata bestearen ondoren etorri ziran seme-alabak; lau nexka ta bi mutil, etxea aide-berritu zutenak.

Martiñ'ek mutil zar tankera osoa artu zuan eta bere andrea Ameriketa'n zuanik ere, etzitzaion bururatzen.

Eizerako zaletasun arekin, inguruko mendiak arakatzen zituan, urrutira joateke; ezpaizan ibilli luzeak egiteko gauza gaztetan bezela.

Iñazi ta Tomas, guraso zarrak etzeuden lanerako.