XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Seme-alabak etzuten ezetzik esan.

Ameriketara egiñak zeuden gazteak, baiña lur berriak ikustea etzitzaien aspergarri egiten.

Gaiñera, gurasoen jaioterriak eta txikitako lekuak ezagutzeak, azkure pixka bat sortzen zien.

Aurea'k, bere erren ura izkutatu eziñik, senargai-amesak baztartuta zeuzkan.

Orregatik, amarekin oso bat egiña bizi zan.

Amak nora, arek ere ara egiteko etzeukan aitzaki bearrik.

Ana esnatuago zetorren eta Europa'ko mutillen azkurea sortu zitzaion onuntza etortzea entzun zuaneko.

Beste laurak artean gazteak zeuden beren buruz ezer pentsatzeko.

Aita zan etxe artan lotu eziñekoa.

Errez irabazitako dirua, aisa gastatzen ikasia zegoen eta ez ari loturarik jarri.

Juanak eutsi bear izaten zion, etxeak lur jo etzezan.

Onela gauzak, egun batean Benito Montebideo'ra joan zan eta Bilbo'ra etortzeko zan Anboto itxasontzian etxeko guzientzako lekua arkitu zuan.

Bere txartelak sakelean sartu ta aurrak jostailluekin baiño pozago itzuli zan etxekoengana, azkenengo gertaketak antolatzera.

Bereala joan zan illabetea ta Ameriketan udazken aize epelak bultzatzen zituala, atera ziran Montebideo'ko kaitik itxas zabalera.

Etzan berdiña aruntza ta onuntzako bidea.

Ogetaka urte aurretik Ameriketaruntz atera ziranean, beste errukarri asko bezela, gelarik merkeenetan egin zuten arako bidea.

Orain lenengo maillako gela dotorean; janari ta egon-leku apaiñetan zetozen Europa'runtz.

Benito'k Logroño-aldeko bere errixka arloteak zituan gogoan.

Gurasoak illak urte batzuek lenago.

Arreba bat bizi zitzaion ta onen iru seme-alaba.

Juana'k bere ama zeraman aurrena buruan.

Zer ote-zion bere irurorei ta amar urtekin?

Anai-arrebak, Basaburu'n Martiña aizpa zarrena zuan etxera ezkondua.

Antoni ta Jesusa beren sendiak azi xamarrak zituztela, Bergara'n bizi ziran.

Gazteenak ere, zabalduak zeuden.

Aizpa gazteagoak Plaentxi'n eta gazteena, Anton, Ameriketa'n Montebideo'n agurtu zuten onuntzakoan.

Bilbo'n lurra jo zuteneko, Miranda-aldera jo zuten.

Andik Logroño'ra gero, ta Errioxa'ko Uriburu ortan artu zuten etxe-bizitza.

Benito'ren arreba ikustera urrengo astean abitu ziran, Kalaorra ondoko errixka batera.