XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
1936tik 1937ra arteko negu hartan garrantzizko bataila militar bakarra egon zen Euskal Herriko gerra fronteetan, Legutioko ofentsiba. Euskal Armadako agintaritzak Errepublikak antolatua zeukan Iparraldeko Armada zelakoarekin antolatu zuen erasoa, Arabako iparraldean.
Ofentsibak ez zuen espero zen helbururik lortu, ezta hurrik eman ere. Areago, porrotak ondorio politiko eta moral makurrak izan zituen abertzale eta errepublikanoentzat.
Gerrako lehen asteak latzak izan ziren Euskal Herrian. Nafarroa eta Araba hasieratik faxisten esku, Gipuzkoa berehala erorita, Bizkaiaren inguruan defentsa lerroak tinkotzearekin nahikoa lortu zen irailaren amaierarako. Ondarroa izan zen frankistek Bizkaian barneratzea lortu zuten puntu bakarra urriaren lehen astean, eta 1936ko beraien azkenengo euskal konkista. Geroztik, fronteak egonkortu ziren.
Urrian, autonomia eskaini zuen Madrilgo Gobernu Errepublikarrak eta berehala antolatu ziren Euskadi autonomoa eta Eusko Jaurlaritza, Jose Antonio Agirreren lehendakaritzapean. Gerra izan zen Jaurlaritzaren lehentasun dudagabea eta hilabete eskasean antolatua zegoen Euskal Armada: 30.000 laguneko indarra. Azaroaren erdialdean Bilboko kaleetan desfilatu zuten batailoiek, musika banda eta guzti.