XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Neskatoa ez zen anaia baino urtebete zaharragoa besterik, baina honek baino askozaz gehiago zekien ordea, bizitzaz.
Eta mutikoak ere postaldi bakoitzeko idatzi beharko omen zion neskatoari seguru, eta gainera, egunero oheratu aurretik bere orazioak esan beharko omen zituen.
Jainkoa oso ona zela, eta hark zainduko omen zuen.
Arrebak ere errezatuko omen zuen anaiaren alde, eta urte batzu barru, bere anaia zeharo aberastua eta zoriontsua itzuliko omen zen atzera berriro.
Mutikoa berriz, muturrez entzuten ari zitzaion arrebari, eta ez zion batere erantzuten.
Bihotz minez zegoen etxea utzi beharra zeukalako.
Hala ere, ez zen hori bakarrik mutikoa goibel eta ilun jartzen zuena.
Nahiz eta batere esperientziarik izan ez, gogor sentitzen zuen horregatik, Sibylen egoera haren arriskuak.
Kortea egiten zion
Bere amaren izaeraren axalkeria eta handikeria ere, ondo asko ezagutzen zituen mutikoak, eta horretantxe ikusten zuen Sibylentzako eta Sibylen zorionerako peril infinito hura.
Haurrak beren gurasoak maitatzetik hasten dira estreina; hazten diren heinean berriz, juzgatu egiten dituzte; batzutan barkatu ere egin ohi diete.
Bere ama! Mutikoak, isiltasunezko hilabete askotan barrena, bere baitan hausnartzen eta mamitzen ibili zuen bere buruan, bere amari galdetzeko zuen zeredozer.
Halako batean ustekabean antzokian entzun zuen esaldi batek, gau batean eszena atean zai zegoela belarrietara heldu zitzaion esames hark, bide irekia eman zion pentsamendu ikaragarri haien trenari.