XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

10. KAPITULUA.

ERREAKZIO ORGANIKOAK.

10.1 SARRERA.

Egitur efektuei dagokien kontzeptuak sartu ahal izateko sarritan erabili dugu azido / base erreakzioa, baina azken batetan hau ez dugu erreakzio organiko tipikoa.

Karbono-konposatuek dituzten erreakzio orokorren berri emango dugu kapitulu honetan; horretarako, erreakziobideak aztertuko ditugu gehienbat.

10.2 ERREAKZIOBIDEAK.

Erreakziobidea zera da: erreakzioa hasi eta bukatu arte, bertan parte hartzen duten molekula guztien baitan gertatzen diren aldakuntzen multzoa.

Erreakzio orok behar-beharrezkoak ditu ondorengo urrats hauek: a) Neutro nahiz ioniko diren molekulen arteko talka.

b) Lotura baten, nahiz zenbaiten hausketa.

c) Lotura berrien sorketa.

Erreakziobideak ulertzearren oso garrantzitsuak zaizkigu hiru gertaera hauen ordena eta beraien kronologia.

Hausketa eta lotura berrien sorketa hau bat-batekoa izan daiteke, eta orduan, erreakzio kontzertatua deritzo.

Baina, erreakzioa sekuentzialki gertatzen bada erreakzio ezkontzertatua dugula esango dugu.

Azken hauen barruan, kasu batzutan, konposatu artekari bat edo beste isolatzea edo behintzat espektroskopioz nabaitzea posible izango da.

Bestalde, oso arrunta da erreakzioak, puntu batetaraino aurreratuta egonez gero, bi edo hiru bide desberdin aukeratzeko ahalmena edukitzea; kasu hauetan emaitza sekundarioak agertuko zaizkigu, eta erreakzioa, konpetitiboa dugula baiezta dezakegu.

Erreakzio gehienetan, substantzia organiko bat, sustratoa, beste substantzia ezorganiko edo organikoen bidez antzaldatzen da; azken hauei erreaktiboak deritzaie.

Sustratoak / Erreaktiboak / (konposatu artekariak) / emaitzak / emaitza sekundarioak.

a eta b erreakzio konpetitiboak dira.