XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denboraldi bat (eman dezagun bostpatsei urte) irakurtzen eman ondoren, bildutako uztaren kontua ateratzen hastean, zapuzketa antzeko zerbait sentitzea ez da batere harritzekoa.

Irakurritako hainbat eta hainbat liburuk ez du zugan utzi zantzu arrastorik; gehienez egilearen izenaz doi gogoratzeko gai zara, eta liburuaren mamia, dagoeneko, oroimen lauso bat baino ez da, eta xehetasunek oro aspaldi aldegin dute.

Eta obra baten edukia xehetasunen memoriarik gabe ez da ezertan gelditzen.

Literatur zaletasuna, maiz, ezerrez horretan galtzen da, etekinaren hutsala dela bide etsipenez jota.

Horrela ezagutu izan dugu zenbait jende, irakurle sutsu izatetik irakurtzeari utzi diona.

Ez da aski, beharrezkoa baldin bada ere, atseginaren bultzada.

Haurtzaroan beti eta nerabezaroan ia beti, irakurketaren motorra atsegina izan ohi da.

Baina atsegina akitu egiten da ez bada denbora pasa ahala ezagupenez errebortxatzen.

Esan nahi da, literatura, jolaskizun plazer emaile ez ezik, ezagupen bide ere badela, eta etsipenari amore eman ez dion irakurleari, literaturarekin harremanetan jarraitu nahi badu, beharrezko zaio, lehenago edo geroago, literatura ezagupen bide gisa iradokitzea.

Aurreko pasartea, neurri batean bederen, ulertu ahal izateko gehiago zehaztu beharko litzateke literaturaren kontzeptua ezagupen bide den aldetik.

Argi dago, eta ez da zertan denbora galdu beharrik, literatura ez dela zientzia; ez du mundu objetiboa kuantifikatzen edo neurtzen, ez du balio operatiborik errealitatea aldatzeko, ez da metatuz doan ezagupena, obra batek ez du baliogabetzen aurreko ezein obra...

Hala eta guztiz ere ezagupen bat da, edo hobe esan, ezagupenerako bide bat, ezagupen horrek zerikusi estuagoa badu ere zientzia modernoetatik at gelditu diren beste ezagupenekin, hala nola, ezagupen mistikoa, intuitiboa, artearena... eta oro har, aieruen paradigman oinarritzen diren ezagupen bide ororekin.