XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ibai berak garamatza

Felipe Juaristi

Shelley poeta handi hark esan edo, esan ez bazuen, iraganerako idatzirik utzi zigun poema amaigabe baten zatiak direla oraineko eta etorkizuneko poemak, eta poema amaigabe hori munduan diren poeta guztiak, elkarren artean, ari direla eraikitzen.

Ondorio gisa atera daiteke poeta guztiak bat direla azken finean, poeta guztien bildumatzat eta ondoriotzat har daitekeena.

Antzeko zerbait idatzi zuen Aristotelek:

Badirudi bi jaioleku dituela poesiak, eta biak dira naturalak. Izan ere, zerbait baldin badu gizonak berezko, imitatzeko ahalmena da hori. Frogatua dago bestalde, gizonak imitatzean gozatu egiten duela.

Esaterako, errealitatean ikusirik, zerbaitek higuina edo nazka eragin dezake gugan; baina horixe bera errepresentaturik ikusten badugu, ikuskizunaren aurrean atsegin-zirraraz gera gaitezke.

Gizonari berezko zaio imitatzea eta baita erritmoa eta harmonia, eta horren kariaz oso iaioa ez dena denboraren poderioz ailegatzen da maisu izatera, eta azkenik horrela jaiotzen da poesia.

Aristotele aipatu izan dudanez aipa dezadan Coleridge, beste poeta handia.

Gizateria bitan banatzen zuen: batzuk Aristotelen jarraitzailetzat jotzen zituen; eta besteak, Platonen jarraitzailetzat.

Azken horiek ideiak errealitate direla somatzen dute; aurrekoentzat, ordea, ideiak jeneralizazioak dira.

Sinboloen sistema da hizkuntza Aristotelen jarraitzaileentzat; unibertsoaren mapa, platonikoentzat.

Horiek badakite unibertsoa, nolabait esateko, kosmos bat dela, ordena beraz; aristoteliko batek orden hori oker gaizto batekin identifikatuko du; gure ezagueraren fikzio batekin.

Coleridgeren ustetan alde batekoen eta bestekoen izenak aldatuz joan dira mendeetan zehar, bai izanez nola hizkuntzaz.

Idatz dezakegu zerrenda bat izen hauekin: Parmenides, Platon, Spinoza, Kant...

Eta beste bat izen hauekin ere: Heraklito, Aristotele, Locke, Hume...

Izan ere, munduaren progresoa lasterketa bat da, eta atzekoak aurrekoari lekukoa ematen dio eta horrek aurrean dagoen beste bati eta horrela per secula seculorum.

Kontzeptu honi betiereko itzulia deitzen zaio filosofian.

Ez dakit nor izan zen kontzeptu horren asmatzaile.

Heraklitoren teorian oinarriturik dagoela uste dut.

Baina Heraklito poeta zen, filosofo handia izateaz gain.

Metaforen bidez hitz egiten zuen.

Adibide batzuk jarriko dizkizuet froga gisa: (...).