XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lurra Eguzkiaren eta Hilargiaren ama da, Euskalerriko herri askoren esanetan.

Leku aunditzat ere jotzen da, hildakoen animen oizko bizi-lekua eta irelu eta beste personai mitiko geienen bizi-lekua.

Lurrak bai omen du landarediaren oinarri den bizi-indar bat; bizi-indar horrek giza-gorputza bizkortzen du janarien bitartez eta, batzuetan, majiekintza eta araoen bidez.

Hortaz gainera, abereei bizitzan eusten die jangarrien bidez eta, bein edo beste, abelgorrien oparien bidez.

Lurrak altxor gordeak ere baditu, askoren ustetan.

Urrez betetako idi-larruak gordetzen dituzten mendi eta kobak izendatzen dira; baino geienetan ez dira garbi adierazten horrelako altxorrak dauden lekuen zeaztasunak.

Zenbat zulo egin ote dute alperrik baserritarrek Ataun-go Urrezuloko-Armurean, Mairuelegorreta-ko koban, Balzola, Iruaxpe (Goronaeta) eta Putterri-ko (Aralaren) kobetan, Maruelexa-ko (Nabarniz) gailurrean, Larune-n gainean, Miruatza-ko treguarrian (Ataun-Burunda-ko mendi-katean).

Urbasa mendian bai omen da altxor bat urrezko kanpaia, urrezko arilkai, urrezko kutxa ardiak egunero pasatzen diran leku batean.

Ia-ia lur-azalean omen dago, gainean larratzen dabilen ardiaren azkazalak ikututzen du eta, halakoren batean, agirian utziko du.

Munoeta-n (Zesaren zelaia deituriko leku batean, Kambo herritik gertu) bazen urre lurperatua.

Haren gainean ezpata bat zegoen; baino ezpata galdu zen eta orain ez diteke aurkitu urrea.

Larte-ko mendietan ere (Berastegiko elizaren aurrez-aurre) bai omen da lurpeko altxorra; berdin, Udalatz-en (eguerdiko amabietan eguzkiak zuzen-zuzen jotzen duen lekuan), Ereñusarre-n (Ereño), Goikogañe-n (Arrankudiaga), Igozmendi-n (Aulestia), Iruña-n (Erromatarren garaian herri izana), Aralar eta Ariz-en (Leiza).

Oiartzungo mendietako koba batean (haren sarreratik Berdabio baserriko oilarraren kukurrukua entzuten da), Saibei mendiko bazter batean (Urkiolatik gertu), santutegiko krisailuaren argia ikusten dan lekuan, etab.

Horrelako altxorrekin aberastu nahi dutenen diru-goseak ez du ezertxo ere lortzen.

Hori Lurraren ireluak ezarri duen debeku bat da; halaxe gertatu zen Irukutzetako eta Auzako mendietan eta Arranzelaiko lurretan (Etxalar).

Lurraren ireluarentzat ziran, zalantzik gabe, harengandik mesede batzuk lortze arren, aspaldi batean, leizeetan beren eskeintzak (txanponak bereziki) jartzen zituztenen eskariak.

Eta badirudi jokaera honekin badutela zerikusirik, asera batean beintzat, gero koba biurtu diran ermita batzuk edo ermita biurtu diran koba batzuk, eta zenbait leizeen sarreran otoitzak esateko oiturak (Ataun-go Usategin, a. b.).

Aralarko San Migelen santutegian, elizatxoko aldarearen eskuin aldean, bada horman zulo bat; uste danez, elizatxoaren azpian omen dagoen leizearen sarrera da.

Dirudienez, kapera-aldare bat da.

Erromesek burua han sartuta kredo bat errezatzen dute.

Hori eginda, ez omen dute buruko minik izaten.

Horrelako zerbait egiten da Usurbil-go San Estebanen ermitan, (...).