XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hori bera egiten dute Lizartzan, baino harririk gabe.

Donostian txorabiozko zauriaren erremedioa era berean egiten dute; baino hiru erramu osto eta amabi harri txuri erabiliaz, eta eltzearen gainean guraizak, labain bat eta orraze bat gurutzatuta.

Soin-atal zauritua, soin-gaineko batez estalia, eltzearen gainean eukitzen da amar minutuz.

Txorabio zauria baldin bada, kaxolako ura eltzeak irentsiko du, eta lurrinak bereganatuko zornea, nere berri-emaileak zioenez.

Beste zuaitz bedeinkatua elorri zuria da.

San Juan goizean, adar bat etxeko ate nagusian jartzen da eta leio bakoitzean beste bana.

Landare honek bai omen du aalmena tximisten aurka eta horrela babesten ditu etxeak.

Norbait ekaitzak arrapatzen badu landan, elorri baten azpian sartu behar du.

Hala egiterik balego, ondo legoke elorri-arantza bat berekin artu eta buru gainean eramatea, ekaitzak dirauen artean.

Arrosa: hau ere landare bedeinkatua da eta herpe euskeraz arrosa ere deitzen diote sendatzeko erabiltzen da.

Hortarako gaixoak bira bat egin behar du arrosa-landarearen inguruan egunero, hitz hauek esanez: arrosa arrosakin.

Hau bederatzi egunez, errezkadan, egin behar da.

Era honetan sendatzen da herpe-negel, Andoain-go nere berri-emaileak esaten zidanez.

Gernika-ko lurraldean bazen, arrosa zuten haurrak, Bermio-ko Santa Eufemia parroki-elizan agurtzen den Arrosako Birjiña bisitatzera eramateko oitura.

Hara joaten ziran gaixo askok, soin-atal gaixoari zegokion zatia ukitzen zuten irudian musu-zapi baten bidez, eta gero zapi berarekin atal gaixoa.

Eta zapi hori, gero, Ama Birjiñaren oinetan utziko zuten.

Hara zer dion, Goizueta-ri buruz, Inazio Maria Barriola-k: Goizueta-n aldakuntza hau jaso genuen: eguerdi inguruan hiru persona jarriko dira haur gaixoarekin arrosa-landare baten inguruan, eta lehenengo kanpai-otsarekin asita, amabiak entzuten diran bitartean, haurra eskutik eskura pasako dute hiru aldiz honela esanez: arrosa arrosakin, arrosa arrosagana, ama Santa Rosak eraman dezala beregana.

Bukatzeko Kredoa esaten da; horrelako ekintzetan ezinbestekoa da sinismen-aitormena; hor egiteko nagusia bait du sinismenak.

Harri bedeinkatuak. Asko dira sagaratutzat jotzen diran harkaitz edo harriak, eta horretxegatik ondatu eta lekuz aldatu ez leizken harriak.

Horietakoak dira mugarriak.

Oso ezaguna da Ataun-en eta Burunda-n Irumugaata-ko mugarriarekin gertatu zena; Ataun-en eta Burunda-ren mugetan arkitzen da.

Hara zer gertatu zen: bein batean, napar batek Irumugaata-ko mugarria lekuz aldatu zuen.

Hil zanean, Irumugaata-ko bazterretan zebilen oiuka: Irumugaata-ko mugarrie,/ Nere animaren galgarrie /. Nun sar, nun sar?.

Bein batean beste napar batek erantzun zion: Sartu zak ateratako lekuan. Arrezkero ez zen horrelako oiurik entzun.