XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arraiozko neska-mutil koadrilen buru gertatzen ziren maiordoma edo maiordomoari, danbolin-etxekoandrea eta danbolin-nagusie deitzen zitzaien.

Eta danboliñe da Berastegin gaztainak erretzeko tresna, eta Legutianon, berriz, danboliñe deitzen zaio makilatxo batez jotzen den danborrari.

EUSKAL LEXIKO ETNOGRAFIKOA-n uztargilea hitza eta beronen baliokideak ganadua lotzeko uztarriak egiten aritzen den artisau bezala aipaturik datoz.

Baina uztargile izan liteke halaber kanpandorrerako uztarria egiten duen esku-langilea ere.

Gogoan dut nola irakurri izan dudan Dordonitzen hazi egiten dela dorrea, izan ere kanpaiak edo ezkilak zintzilik daudeneko uztarriak bi haritz orritsu bait dituzte irozkai eta jakina, zuhaitzak hazi-ala dorrea ere hazi egin bait da (Xehetasun hau D. Joxe Migel Barandiarani esker dakit. VI urtea-1926, uztaila Gasteiz 30.orrialdea).

Esan dezadan baita ere uztargile deitzen zitzaiola ezkontzak antolatzen zituenari ere, gaurregun bitarteko edo ararteko deituko geniokeenari.

Aipaturiko adibideak ez dira saihesten bide arrunt eta ohizkotik; baina esan bezala, badira zenbait kasu, argitasun zabalagoak eskatzen dituztenak. Ikus dezagun.

Herri baten baino gehiagotan, ilunabarreko Abemariak illun-ezkilak edo illun-ezkla izenaz ezagutu izan dira; baina esan behar da ilun-ezkilak edo illun-ezklak jotzearekin batera amaitzen zirela gure herri batzutan Inaute-dantzak, kaleko Karnabal-jaiak.

Illun-ezkila edo illun-ezkla soinura erretiratzen ziren zomorrotuak.

Piparopil urkabekoa. Ikus dezagun.

Beteluko Asteleniote goizean antzara jokoe izaten zen plazan edo enparantzan.

Antzara joko bakoitzean hegazti horietako hiru zintzilikatzen zituzten.

Antzara jokoe bukatzean, urkabea zeritzan zurezko uztaitik hiru piparopil esekitzen zituzten.

Hauetako bati deitzen zitzaion piparopil urkabekoa.

Arotz-burdin gorritzea izan da arotz edo errementarien denborapasetako bat.

Gauza zen ingude gainean eta hotzean burdin zati bat mailukatzea, eta nork aurrena gorritzen zuen ikustea, gero ondoren hartaz zigarroa pizteko.

Arotz-burdin gorritzea joko bizkor eta laburra izan ohi zen, gutxi gorabehera minutu bat irauten zuena (Baigorriko Doneztebe).

Arotz-mailu-jokoa. Baigorriko herri berean jasotako informazioaren arabera, ermentaritzako jokoa zen halaber eta honetan partaide zirenek mailu astun bati kirtenetik heltzen zioten eta zut-zutik zeudela, alderantzitara jasotzen saiatzen ziren, erremintaren burua sudurraz nork ukitzen zuen ikusteko.

Zorrozture hitzak ere, horrela, besterik gabe, ez du ematen bere aberastasun guztiaren berri.

Nafarroako Arriben, Martin Jose Auzmendi Jaka, Urrekategia etxeko ermentariarekin urtero baserritarrak egiten zuen igoala zen zorrozturea.

Lanerako zenbait abes zorroztea izaten zen igoal hau eta, batzutan, tresnaren bat saltzea; laia edo aizkora adibidez, ondasunetan zerbait ordaintzearen truke.

Horretarako, ermentariak kontu bana irekitzen zien bezeroei edo parrokianoei, zorrozturaren barruan bazegoen.

Urtean zehar egindako salmentak eta zorrozketak apuntatzen zituen bertan.