XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mozorro zurik txapel gorria eta alkondara eta fraka zuriak erabiltzen zituzten, gerrikoa ere gorria zutelarik.

Zinta gorriekiko izpartin zuriak zituzten oinetan.

Lepoan zapi gorria, gorbata erako korapiloarekin.

Fraken alde banatara josita koskabiloak.

Mozorro zurik hamar-hamabiko taldetan banatzen ziren eta bakoitzean batek akordeoia jotzen zuen eta beste bat saskiaz arduratzen zen, emaritzat hartzen zituzten arrautzak eta txorizoak jasotzeko.

Baserri bakoitzaren atari-aurrean askatuan dantza egiten zuten.

Talde berezian aritzen ziren eskean mozorro zatarrak edo emakumez jantzitako mutilak.

Mozorro zatarrak zapiaz edo estalkiaz estaltzen zuten burua, eta gerruntzea, gona, mantarrak eta abarkak erabiltzen zituzten soinean.

Eskean mozorro zurien parte berdina zegokien eta hauek ere izaten zuten soinujole baten laguntza.

Plazako dantzaldia gauerdira arte luzatzen zen, mozorrotu guztiak partaide zirelarik.

Baina mozorro zurik eta mozorro zatarrek aparte afaltzen zuten.

Legazpiko Telleriarte auzategian ospatzen ziren karnabalak Ostegun Gizenean hasten ziren.

Egun honen arratsaldean egiten zen eskea edo karnabal sariaren bilketa.

Eskekoak mozorroturik eta aurpegia ikatzez belztuta zutelarik ibiltzen ziren.

Ibilaldia musukitarraren soinuarekin lagundurik eta panderoarekin egiten zuten.

Baserririk gehienetan dirua, azaburuak edo txorizoak ematen zitzaizkien.

Ostegun Gizen honetako afarian, oraindik ere bizirik dirauen usadioaren arabera, txarrankak eta torradak jaten dira.

Karnabal Igandez ere mozorrotuak edo katamaloak ateratzen ziren.

Telleriarte auzategiko gaztejendea eskean ibiltzen ziren, Ostegun Gizenean bezalaxe.

Taldean afaldu eta parranda egiten zuten erromerian triki-trixaren musikarekin.

Neska-laguntzearekin ematen zitzaion amaiera jaiari, mutilak zegokion etxeko ateraino laguntzen zuen neska.

Asteartiñabetean berriz ere katamaloak agertzen ziren eta Karnabal Igandekoa bera errepikatzen zuten.

Eskoriatzako karnabaletan mozorrotuei kukumarro izena ematen zitzaien.

Kinkuajesima Igandeaz aurreko ostegunean Urdelardero Eguna ospatzen da eta neska-mutikoak eskean ibiltzen dira, makila bana eskuetan daramatela eta bertan sartzen dituzte txorizoa, urdaia eta pikoak.

Zenbait panpina / sinbolo, hala nola Zanpantzarrak eta Miel-Otxin aski ezagunak zaizkigu.

Baina beste batzu, aratuzteren batean hartutako zigorraren ondoren, gehiago ez ziren bizitzara azaldu, agian betirako galdu ziren, salbuespen bakanen batzu izan ezik, esate baterako Zalduondo, Arabako herriko Markitosen kasuan bezala.

Gogoraraziko dut Urdiaingo Alikote ere.

Jose Maria Satrustegiri esker dakigu, gorputza eta burua handiak zituela eta beso-zangorik gabea zela.

Mariano Estornés Lasaren Oro del Ezka ohitura-nobelan irakurtzen dudanez, Isabako Amandizarko emakume erraldoia makilaka eta erratz-kolpeka desegiten omen zuten, Herriko Etxetik alboko batera zihoan soka batetik zintzilik egon ondoren.