XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizonak gor egiten zion: zergatik lana arindu bear zion?.

Nork zizkion berari egitekoak arintzen?.

Besteen esanera geiegi bizi izan zen orain artean eta ondikotz! oraindik ere besteek haren baitan jarritako itxaropenari amor ematera gertu zen, besteen gatik sortutako bere buruaren aizun-irudiari uko ez egitea arren.

Zergatik ote? Ez koldar zelako, agian.

Gizarteko eginbideak zituen eragille, pentsatzen zuen ironeia mingar batekin, etxe-ondo zaar baten jabe ta leinu ohoragarri bateko seme denaren eginbideak... naiko lotsa-gai ematen zion dagoneko bere leinuari, ogei t`amar urteetara eldurik eta beti ere lan egin gabe bizi izanaz, gurasoek utzi zioten diru apurra janaz, haren senitarteko gizon langille, zintzoak aberasten ari zirelarik!.

Ez zuen ez, atzera egiterik, onbideratu behar zuen azkenekotz.

Ai! haren egiazko nortasuna non zegoen, eta zer eskatzen zuen, baleki, edonori gogor egiteko lain izango litzake noski, edozer gertaturik ere, ezen hark ere siñesten zuen obe dala seaskan dagoen iñut-aurrari lepoa tinkatzea norberaren biotzeko naikari bakar bat itotzea baino, oraindik ez zekien ordea zer nai zuen haren biotzak, bildur latz bat zeukan haren irriki zoroa, arimaren egarria kentzalle izan bear zitzaion ur garden ozpilla, itur-buruan agortuko zitzaiola, aistheta baten solas alperra baizik izan ez zelako asieran.

Asieratik jakin balu egiati izaten!.

Txinpartak ke-bidean gora jauzten ziran, sorgin ongille batek deituriko pamerial alaiak irudi.

Gizonak inguratu zituen begiak leiotik suaren aldera.

Sutondoan, zitzailluan jarririk zegoen Theresa, eta garrek haren itzal lerdena dantza erazten zuten ormaren gainean.

Irakurtzen ari zen, aoa erdi zabalik eta begiak liburutik urbillegi, aur gazteek oi dutenaz.

Noizetik noizera, txinpart batek besteak baino biziago urrez erraustatzen zituen haren ille-txorta barneko illun-nabarrean gorrizka ageri zirenak, (...).