XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laster eskolak bukatuko ziran eta bakantzaz joango ziran biak udazkeneraino.

Ez zekiten oraindik nora.

Nai zuen Theresa berarekin eroan atzerriko lurralde urruti, harentzat berri eta ezagun-gaberik izango zen batera...

Egoaldeko erri eguzkitsu eta koloredun batera? - eta jadanik aurra bazekusan berarekin itsasoko ur epeletan igerika, edo, Aitzinateko uriak eta erriak ikuskatzen zituztelarik, musaioetan edo arri zaarren artean Theresa seriosa, oroitzapen eta antze-lanei begira, hark ematen zizkion azalpenei beha...

Ala ametsaren iratzartzalle den Iparralderantz ziran ote joango, beren urratsak oian sakonetan barrura ezkutatzera, edo-ta, itsas-nesken dantza-leku izandako arkaitzetan exerita, ugiñen eta beren biotzen musika uzuari entzutera?.

Theresak berak zuen aukeratu bear...

Egunero turismu-liburuxkak irakurtzen zituen, haren irudimena atzerriko lur mysterios horietara zeramatenak bainan egunero gogoz aldatzen zen: Iparraldean, eta Egoaldean eta munduko gune guztietan izan nai baitzatekean harekin.

Udazkenerako beren erri eta etxera itzuli ziratekenean, aurra ez zen areago eskolara ibilliko; berarekin etxean edukiko zuen beti aita besoetakoak, arima, gorputz eta gogo beti eskumenean; eta Theresak ez zuen orduan bere lagun gazteetatik iñor ikusteko baimenik izango... aldendu bear zen aunditzen ari ziren beste aurren gandik.

Hori eskatu zion aita besoetakoak, eta Theresak zin egin zuen hala egingo (zuela).

Astean bi edo irur bider ateratzen zen aurrarekin.

Jatetxeetan apaltzen zuten, eta handik landa, kinemara edo antzerkira eramaten zuen, haren ezagunetatik batek edo bestek elkarrekin ikusiko zituelakotan.

Ikuskizuna jendeen eraikigarri izango aal zen....

Edo-ta zenbait aldiz arratsa-igarotzen zuten parkeren batean, alki batean jarririk, elkar maite omen duten neskatilla-mutil eta ezkongai-bikoen artean.