XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
(...) eusten zion eskuez; burua makurturik, bera zen, itxuraz, ahotsen marmar beti-berdinari arreta jartzen zion bakarra.
Agurea, berriz, zurrun eserita zegoen, besaulkian geldirik, haizorratza haizerik gabeko egun batean bezala.
Luzaz iraun zuen horrek, eta gogaitasun nekagarriak berriro sorgortu zuen jendea.
- Jakinarazten dut...
Zarata, hasperen, xuxurla, eztul eta oin hotsez bete zen aretoa.
Eraman zituzten auzipetuak eta, aldegitean, irribarrezka, buruaz agurtzen zituzten senide eta lagunak.
Ivan Gusevek ahopetik oihukatu zion norbaiti:
- Eutsi, Egor!
Ama eta Sizov korridorera irten ziren.
- Bagoaz tabernara tea edatera?
- Ordubete eta erdi zeukanagu!
- Ez diat gogorik.
- Tira, ni ere ez naun joango.
- Ez.
- Nolako mutilak, e?
- Hor zeuden eserita benetako gizakume bakarrak beraiek balira bezala, eta gainerako guztiak hor konpon!
- Eta Fedka, e?
Samoiloven aita inguratu zitzaien, txanoa eskuan.
Gogoilun irribarre egin, eta esan zien:
- Eta nire Grigori?
- Uko egin dio abokatuari eta ez du hitz egin nahi.
- Entzun, aurrenik berari bururatu zaio hori.
- Hirea, Pelageia, abokatuen alde egon dun; nireak, ordea, zera esan din: ez dut nahi!
- Eta orduan beste lauk uko egin zioten...
Haren aldamenean emaztea zegoen.
Begiak etengabe kliskatuz, sudurra garbitzen zuen musuzapiaren muturraz.
Samoilovek bizarra eskuan bildu eta hizketan jarraitu zuen, zorura begira:
- Hau bai nahaste ederra!
- Deabru horiei begiratu eta zera pentsatzen duzu: aferrik jardun dute horretan, hutsaren truke galdu dira.
- Baina bat-batean, pentsatzen hasten zara: baliteke arrazoi izatea?
- Gogora etortzen zaizu fabrikan geroago eta gehiago direla; txitean-pitean harrapatzen dituzte, baina haiek, errekako zarboen antzera, ez dira agortzen, ez!
- Eta atzera pentsatzen duzu: agian, indarra haiekin dago?