XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esternokleidomastoideo delakoa sartu ez badugu zeragatik izan da, alegia anatomi hizkera bereziko hitza delako.

Zientzi eta teknika alorretako hitz bereziok ez dute, gure ustez, erabateko hiztegi batean zertan azaldu.

Are gehiago, ez dugu uste Euskaltzaindiak horrelako hitzei buruz inolako erabakirik hartu beharko lukeenik.

Delako alorrean dihardutenen arteko arazoa da hori, ez beste inorena.

Ez dezagun ahaz hain arrunta iruditzen zaigun diglosia delakoa, esate baterako, ez dela oraindik agertzen hainbeste eta hainbeste zientzi eta teknika hitz ematen dituen Petit Robert batean.

Are gutxiago, noski, Frantziako Akademiaren Hiztegian.

Ez ditzagun, batasuna dela eta, gauzak bere onetatik atera.

Labur bilduz, euskal hitz ohizkoak hau da, gure literatur tradizioaren ondarea, eta orain arte euskal testuetan ez agertuarren ezinbestean hartu behar ditugun nazioarteko hitz orokorrak ahal den zehazkiena finkatzen ahalegindu gara batipat.

Denbora mugatua denez gero aukera egin behar izan dugu.

Lehentasunak eta eginkortasunak gobernatu du aukera hori.

-gin /-gile. Ohizko hitzen esparruan ere hainbat eta hainbat zalantza izan dugula aitortu behar dugu.

Zenbaitetan hautaketak etsi etsian egin ditugu, esku artean genuen materialaren gutxiegia zela medio.

Esaterako, -gin eta-gile bidezko eratorrien arteko hautaketetan ez dugu, agian, beti egokiena proposatu.

Dena dela ez dugu uste auzia beti -gin edo beti -gile erabili behar dela erabakiz konpon daitekeenik, ezta ere nork bere kabuz literatur tradizioa kontutan hartu gabe esan nahi dugu asmatutako berezketez.

-eta /-keta. -eta/ -keta eta kidekoetan, berriz, argiago zeuden gauzak: esate baterako, lapurreta hautatu dugu, literatur tradizioa erabat bere alde duelako, baina apurketa, besterik erabili ez delako.

hasiera/ hasera. Orobat hasiera, inolako dudarik gabe, hasera azken urteotako bitxikeria delako; gainera ez dugu uste inork baiezta zuzenez baiezta dezakeenik hasiera gaizki eratua dagoela.

Ortografia. Ortografia oraindik erabakitzeko dagoen hitzetan ere hautaketa egin behar izan dugu.

Honetaz Euskaltzaindiak mintzatu beharko du, argibide guztiak aurrean dituelarik.

1. HIZTEGI-SARRERAK Hiztegi-sarrera bakoitza hitz bati dagokio.

Sarrera-burua letra beltzaxkez ematen da.