XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.2. Lehen argitaraldi horri buruz, honako ortografi aldaketak ezarri ditut: ch eta tch-ren ordez x eta tx ezarri ditut; x-a ts letraldatu dut, eta orobat inoiz edo behin agertzen den tx-a (lehen argitalpeneko 14 orr.-eko atxekabe adibidez); b eta p aurreko m-etan n ezarri dut; diptongoetako y-a i letraldatu dut, baina bokalartekoak, kontsonante ondokoak eta hitz hasierakoak bere hartan utzi ditut.

Elissambururen ortografi sisteman ez dira falta zalantzak.

Gehien bat garai hartan iparraldean aski hedatua zegoen sistema berria erabiltzen du, baina zenbaitetan sistema zeharreko c-a agertzen da lehen argitalpenean; c-ok egileak zuzenduak agertzen dira erabili dudan alean, eta hortaz beti k ezarri dut nik argitalpen honetan.

Bestalde, dudan-en bat ere dutan zuzendua agertzen da.

Egilearen gainerako zuzenketak huts nabarmenei dagozkie: sulto/salto, bertzu/bertsu eta kidekoei.

Oharretan ezer adierazi gabe aldatu ditut horrelakoak.

Bere zuzenketan pasa bide zitzaizkion huts nabarmenak (nagusuti [=nagusitu], burusuak [burasoak], biztan azki hat [=bat], estallia deuzik ikhuisi, bozala=[bezala], belhunikatua, haurtako = [hartako], ezkuin besartkatzera, bezaleko= [bezalako] eta berperan= [bezperan]) ere besterik gabe zuzendu ditut.

Era berean, aldi atzizkia marratxo batez lotu diot beti aurreko hitzari, egileak azaltzen duen joera hori denez gero; baina gana, gatik eta kidekoak berezirik mantendu ditut.

Egin ditudan gainerako aldaketak oharretan adierazi ditut.

Hauetatik bestalde erabat gorde dut lehen argitalpenaren idazkera.

Horrela guretzat aski bitxi gertatzen diren zenbait galdera-marka, berariaz jarriak ematen bide dutenak.

Adizkide eta hegastina-ri dagokienez, beti horrela idazten dituenez, horrela utzi ditut.

Era berean kapitula,/kapitulua, hitztorio/historio/hiztorio/hitztoria, yau/Jau eta kontsonante hasperendunekiko (ikhusi/ikusi) zalantzak, agertzen diren eran eman ditut beti.

Amaitzeko, lehen argitalpeneko 29.orrialdeko motxa horrela utzi dut, egileak berak horrela utzi zuelako, nahiz 7.eko motx zuzendu zuen (eta nik ere bai, beraz) motz idatziz.