XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bide luze eta anitz biurgune; dena mendi, zubi txiki eta botiga; egunaz kalme eta gauaz erne, badakizue orai zer den Luzaide.

Azoletako amu-arrain finak gogora ekarriz, Ibañeta kaskotik arraintzan dabillen norbaiten ari nahasia dirudi bideberriak; eta peko zolan, amu xuri bezala, bazterretxeak.

Abilak dira Luzaiden.

Nola bizi diren ez dakit.

Jainkoak pilota eman eta berek jokatzen ikasi....

Elur xuri izanki Ibañetan, Donibanen bada kafe beltxa.

Ogia balin bada eskas Españian, Frantzian baditake irina.

Emen iruzki delarik, an itzal....

Erdara ikasteko ez dute ahantzi eskuara, eta anitzak frantsesez berdin trebe dira.

Eta zer gauza goxo, extia, Luzaideko eskuara! Manezaundiren izkuntza baliosa.

Etxean luzaidar; español eta dena torero, botigetan; Donibaneko plazara orduko, garaztar.