XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geuk atsegingo genukeen irakaslea abertzalea beharko luke izan; alaitsu eta kementsu euskal nazioa eraikitzen ari dela sentitzen duena.

Honela soilik gaindituko ditu ordu ofizialak; euskara patiora, etxeko-lanetara, jolasetara, oporretara eta beste arloetara hedaturik.

- Lan-dinamika erakargarria sortzeko gai izan behar du; hau da, eskaintzen zaizkion materiale eta baliapide ludikoak pozik erabiliko dituela.

EUSKARA MAILAKA HASIERAKO ZIKLOA gehiago da zirku, hitzaldia baino.

Neska-mutilei gustatuko zaie euskara, irakasle berari laket zaion heinean.

- Lan-dinamika erakargarri baten oinarrian, materiale ugari ezezik, kontrastez beteriko didaktika ere ezinbestelakoa dugu.

Esperientziak dioskunez, neska-mutilak aktibitaterik interesgarrienarekin ere gogaiturik buka daitezke.

Bai, hoberenetara ohitzen zaizkigu aurki.

Beraz, kontrasteetan datza arrakasta.

Kontrasteak, aktibitateen maiztasuna taxutzean.

Gure ikastunitatea osatzen duten ariketak ziklikoki errepikatzen dira interesgunez interesgune, 3 aste tarte delarik.

Kontrasteak, aktibitateen iraupena egitaratzean.

Izan ere,5-10 minutuz baino gehiago ezin iraun bete-betean aktibitate berarekin.

Kontrasteak, lan-egoerak eskaintzerakoan.

Zergatik egon behar dute haurrek 45-60 minutuz iraun dezakeen euskara-saioan beti-beti eserita?.

Honako zenbait ekintza hots, arbela ondoan nahiz lurrean eserita edo eta aulkiaren gainean zutik egotea da, besteak beste, proposatzen dugun lan-egoera; ikasgela barneko korrikak eta txango laburrak ere erabil daitezkeelarik.

Jolas bat dela, kanta bat dela, diapositiba bat dela, badago ipurdia mugitzerik!.

Kontrasteak, irakasleak markatzen duen erritmoan.

EUSKARA MAILAKA HASIERAKO ZIKLOA ezin irakats daiteke irakaslearen mahaiaren atzean eserita.

Izan ere, gure irakaslea mugituko da, keinuak egingo ditu; gauza batzu ozenki eta beste batzu ia ahozpez esango ditu; batzutan serio eta bestetan alaitsu ihardungo du; batzutan eurijasa, bestetan haize epela; batzutan ama, bestetan aita; gaur pailazo, bihar domatzaile, etzi trapeziolari.

Bai, antzeslari bat behar dugu, aktore(sa) bat.

Kontrasteak, espazio fisikoaren txukuntasunean.

Mahaien kokapena, eta ormetako dekorazioa (argazkiak, marrazkiak, txartelak...) guztiz aldagarritzat jotzen ditugu.

Era berean, ikasgelako ordena, bentilazioa eta argi nahikoa izatea, oinarrizko detaileak dira.

Honela, argia eta iluntasuna diapositibak proiektatzean; taldeka, talde osoa edo bakan-lan egitean, gure euskara-saioa askoz eramangarriago gerta dakieke.

Lan-dinamika aktiboa sortzeko gauza izan behar du.

Ikasi ere, guk geuk egiten eta bibenziatzen duguna ikasten dugu soil-soilik.

Hau dela eta, haurren partaidetasuna bideratuko du etengabe.

Maiz iradokituko ditugun lan-egoerek, haurra bera dute protagonistatzat.

Haien eskuetan utzi egingo ditugu zenbait une didaktiko.

Gure lan-egoerak, sarri, haien gidaritzapean uztekoak dira.

Gure aktibitateetan zehar irakaslea sentituko da askotan gure haurra.