XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA.

Edorta Cobreros.

I.ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOA.

Administrazio-Zuzenbidea erlazio batzutan bakarrik aplikatzen den Zuzenbidea da.

Jakina denez, hau ez da pertsona partikularren artean aplikatzen dena, hau Zuzenbide Publikoa da.

Sarritan nahiko argi egoten da noiz aplikatzen den Administrazio-Zuzenbidea: adibidez, ertzainak * isun edo multa bat jartzen digunean; edo etxe bat eraikitzeko baimena eskatu beharra daukagunean, nahiz eta lurra gurea izan; edota hilabete batzutarako soldadutzara joan beharra daukagunean, etab.

Kasu guzti hauetan harremanean dauden bi alderdiak ez daude kondizio berdinetan; bada hor alde bat besteak baino botere handiagoa duena, besteak baino ahalmen eta eskugo handiago eta gehiagoren jabe bezala ikusia dena eta beste horri, nahi ez badu ere, ezarritakoa bete erazi diezaiokeena.

Adibideekin jarraituz, isuna ordaintzen ez badugu, gure * ondasunak bahitu eta * enkantean jar diezazkigukete; * lizentziarik ez badugu, lanak geldieraziko dizkigute eta isun bat ezarriko; eta azkenik, Administrazio militarrera gogoz ez bagoaz, iheskaritzat deklaratuko gaituzte, atxilotu eta gartzelaratuak izateko arriskuan jartzen garelarik.

Dena den, bestek baino ahalmen handiagorekin jokatzea Administrazioaren apartekotasun tipiko bat den arren, beti ez da horrela jazotzen.

Batzutan zeharka jokatzen du.

Behartu ez du inor behartzen zerbait jakinik egitera, baina hartarako laguntzak eta erraztasunak emanez, hartaratu egiten du jendea.

Esate baterako, * Gizarte-Segurantzari ordaindu behar zaizkion kuotak txikiagotzen eta murrizten dizkie langile-modu konkretu batzuk (hogeitasei urte baino gutxiagokoak, minusbalidoak, etab, ]) kontratatzen dituztenei; lan-modu berezi batzutan enplegatzen diren industriei edo lurralde jakin batzutan kokatzen direnei mozkin fiskalak ematen dizkie, etab.

Gainera kontutan eduki behar da, Administrazioak ez duela beti berdin jokatzen.

Une bakoitzean agintzen duen buruera politikoari menperaturik egoten da.

Esate baterako, Estatu liberalean askoz ere gutxiago esku hartzen zuen Administrazioak, arbitratzeko eta joko-erregelak (liberalenak) bete erazteko besterik ez.

Ekonomi arloan Administrazioaren eskuhartzerik ezin zitekeen pentsatu ere egin.

Gaur egun, ordea, Instituto Nacional de Industria (INI) da diferentzia handiz enpresarik handiena.

Eta berdin esan dezakegu beste alor askotaz (irakaskuntzaz, sanitateaz, etab.): lehen ia osoro esku pribatutan zeudenok gaur egun Administrazioaren kargu egon daitezela exigitzen da.

Honekin ikus dezakeguna da: une batean interes orokor eta zerbitzu publikotzat jotzen zena, eta beraz Administrazioaren eginkizun berezi izatekoa zena, aldatu egiten dela denbora eta espazioarekin.

Horregatik, erlazio batzuk Administrazio-Zuzenbideari menperatuak noiz dauden jakiteko gakoa zerak emango digu, alegia, Administrazioak, pertsona juridikotzat kontsideraturik, berorietan parte hartzen duela ikusteak.

Hala ere bi salbuespen egin behar dira hemen: bata, Administrazioa, beste partikular batek bezala jokatzen duenean, Zuzenbide Pribatuari menperaturik gelditzen dela; eta bestea, askotan Administrazioa, komenientzia praktikoengatik eta, industri edo enpresa-arloan diharduenean adibidez, Zuzenbide Pribatuari menperatzen zaiola.

II. ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ANIZTASUNA.

Orain arte administrazio publikoaz hitz egin dugu, baina gertatzez administrazio publikoak bat baino gehiago dira eta era askotakoak gainera.

Horrela gure ordenamenduan hainbat administrazio lurraldetar dauzkagu: hala nola, Estatuko Administrazioa, komunitate autonomoko lurraldekoa, probintziakoa eta udalekoa; eta gainera ez-lurraldetar bezala korporazioak eta erakunde publikoak.

Honek ez du esan nahi guztiok berdinak direnik, hots, zeregin berdinak eta berauek betetzeko ahalmen berdinak dituztenik.