XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Funtzionari publikoa.

Funtzionari publikoa

Funtzionari kontzeptu zabal batek * Estatuaren zerbitzuan dagoen jendea hartzen du, hots, ez bakarrik * Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsonak, baizik eta karrera judizialean eta Justizi Administrazioaren zerbitzuko gorputzetan iharduten dutenak ere bai, berebat legegintzako boterearen zerbitzuan aurkitzen direnak ere kopuruz besteak baino askoz garrantzi gutxiagokoak badira ere, iraunkorki eta ordaindurik lan egiten duten guztiak, alegia.

Bestalde, funtzionari kontzeptutik aldendu beharrekoak dira: kargu politikoak, Administrazioan denbora edo epe mugaturako lan egiten dutenak * kontratu bidezko harremana dutenak, ez estatutuzkoa eta iraunkorra, baina bai Administrazio-Zuzenbideak eraendua eta, azkenik, * Lan-Zuzenbidearekiko loturagatik egiten dutenak.

Gogora dezagun, baita ere, funtzionariak Estatuaren Administrazioko, komunitate autonomoko, administrazio lokal eta erakundezko izan daitezkeela, bakoitza bere eraentza desberdinarekin.

Funtzio publikoan sartzea oposizio bidez egiten da, meritu eta gaitasun-printzipioaren arabera.

Geroago izendapen formala, oinarrizko * ordenamendu juridikoa menestea eta, izendapenaren jakinerazpenetik hilabeteko epean, postuaz jabetzea galdatzen da.

Funtzionari-izaera galtzen da: hari uko egiteagatik, * nazionalitatea galtzeagatik, zerbitzutik aldentzea dakarren disziplinazko santzio batengatik, kargu publikotarako * ezgaitasun absolutu edo berezizko penaren ezarpenagatik eta jubilazioagatik, dela hau nahitaezko edo borondatezko.

Interesgarri da seinalatzea, gaur-gaurkoz, funtzionari-izaerak eraentza edo erregimen juridiko desberdina suposatzen duela, lan-kontratuaz edonork inoren konturako langileak duenarekin konparatuz: adib., lansariak berdintasun-xedezko eskala bati menperaturik daude, beren eskubide eta eginbehar batzuk desberdinak dira eta, noski, haiekiko jurisdikzio eskuduna ere bai (kontentzioso-administratiboa funtzionarientzat eta laborala beste langile guztientzat).

Edorta Cobreros.

Ik. Administrazioa; Langilea; Funtzionari-karrera.

Funtzionari-karrera

(Zuz. Adm.) Funtzionari publikoek beren profesioaren egikaritzan igaro ditzaketen eskala ahalgarrien multzoa.

Ik. Funtzionari publikoa.

Gaikuntza

(Zuz. Proz.)

Egintza juridiko bat edo batzuk egiteko ahalmena (legeak, auktoritate eskudunak) pertsona bati ematea.

Ik. Gaitasuna.

Gainera

(Zuz. Proz.) 1. Zentzu zabalean, edozein dokumentu publiko nahiz pribatutan (testamentu, kontratu, erregistroko dokumentu, etab.etan) beronen edukinaren osagarri, zehazgarri eta argigarri gisa eransten diren ataltxoak.

2. Formula-hitz honekin hasten den idazki-atala.

Adibidez, judizio arruntetan, erreplika eta duplikako idazkietan egiten den eskaera adizionala, frogatara hartua izateko eskaria formulatzeko.

Helegiteetan, berriz, forma hausteagatik helegiteak aurrerabiderik lortuko ez balu, lege-urratzeagatiko helegitea aurkezteko asmoa dagoela adierazteko erabiltzen den idazki-zatia, honela helegite-pilatzea lortzen da.

Ik. Dokumentua; Demanda; Demandako erregua.

Gaitasuna

Gaia estudiatu baino lehen, zatiketa handi bat egin behar da, geroxeago ikusiko dena: gaitasun juridikoa eta iharduteko gaitasuna, zentzu ezberdina bait daukate Zuzenbidean.

Gaitasun juridikoa da * eskubide eta * obligazioen titular izateko gauza izatea.

* Pertsona guztik du, pertsona izateagatik, gaitasun juridikoa; beraz, pertsonari lotua dagoen gauza da.