XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IV. GURE ARGITARAPENA Mogel beraren autografoa izango begenu, hura hartuko genuke, noski, eredu eta oinarri argitarapen hau agiteko.

Baina ezagutzen ditugun bi kodizeok kopiak izanik, eta bietan hutsak eta aldaerak direlarik, bat aukeratu dugu, hots, Arantzazukoa, argitarapena egiteko; halaz guztiz, Deriokotik egilearen aipamena eta azken ikasbidea hartzen dugularik; gainera, Sarrera honen ondoren, atal berezi bat jarri dugu bi kodizeen artean dauden aldaeren kontu emateko.

Aldaera horiek nolakoak diren ikusiz, badirudi Arantzazuko kodizean Gipuzkoako sartaldean egiten den bizkaieraren kutsu zerbait nabari dela; apika Juan Ajuria hori eskualde honetakoa izango zen, baina hau hipotesi hutsa baizik ez da.

Baita ere badirudi Mogelek egin ohi zituen eufonia direlako horiek gehienetan hobeki gordetzen direla Derioko kodizean.

Esan beharrik ez dago gure argitarapenean ez dugula ezertxo ere aldatzen, ez ortografia ez ezer.

Liburua lehen aldikotz agertzen delarik, den bezalakoxea eman behar dela uste dugu.

Hori, bai, testua, beronen aipamenak errazago egin daitezen amoreagatik, ataletan banatu dugu eta atal bakoitzari dagokion zenbakia orri-bazterrean ezarri zaio.

Testuan (sic) jartzen denean, kodizean (sic) horren aurreko hitza horrela azaltzen dela adierazi nahi da.

Liburuaren azken aldean, berriz, Hiztegi bat jarri da, liburutik aterea, noski.

Esanahiak eta adierak ere aipatzen diren lekuei egokituak dira.

Azkenik, argitarapenean bi kodizeen fotokopia batzuk tartekatu ditugu.