XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(kanta+araz=kantaraz), -a+e=e (ama+ek=amek), -tz+t-=-zt- (utz+ten=uzten) etab.

4.2. Lexikoa

Gramatikaren atalean Euskaltzaindia izan bada arau-iturri bakarra, bestela gertatzen da lexikoa lantzen hasi orduko.

Puntu batzuetan emanak ditu kasuan kasuko gomendio eta erabakiak: H letra, -a berezkoa, zenbakien osaera eta idazkera, etab.

Horiek jarraitu ditugu lexikoa osatzean, nahiz eta zenbakien kasuan oraingoz bi aukerak mantentzen ditugun (hogeita bost eta hogeitabost onartuz).

Beste hainbeste gertatu da pertsona- eta leku-izenekin, bai eta maileguen idazkeran ere.

Oinarrizko hiztegia sortzeko, hau da, edozein lexikotan maizenik agertzen diren lemen zerrenda, gaurko beste iturrietara jo behar izan dugu: Ibon Sarasolaren Hauta-lanerako Euskal Hiztegia, UZEIko Euskalterm datu-bankua eta EEBS datu-base lexikografikoa, Xabier Kintana eta besteren Hiztegia 2000, J.M. Etxebarriaren Maiztasun- eta Prestasun-Hiztegia etab.

Euskaltzaindiaren irizpideekin bat ez zetozenean, sarrerak egokitu egin dira; eta, Euskaltzaindiak erabaki ez dituenetan, Ibon Sarasolaren hiztegia izan da irizpide-iturri.

Oinarrizko hiztegia osatu nahirik, UZEIko EEBStik hainbat esapide, lokuzio eta forma konplexu hartu da.

Siglak eta laburtzapenak ere UZEIko irizpideen arabera landu dira.

Hiztegi arruntetik abiatuz, terminologiaraino iritsi behar izan da zenbaitetan.

Ezinbestekoa izan da Euskalterm horrelakoetan.

Izen propioen zerrenda osatzeko (izen propioak hiztegi arruntetan ez badatoz ere), bi iturritara jo da: lehena Euskaltzaindiak proposatutako euskal pertsona- eta leku-izenen zerrenda izan da, baina munduko leku-izenen zerrendatua eskuratzeko Elhuyar-era jo da.

Iturri guzti hauetatik edanda tamaina handiko hiztegia osatu dugu, testu arruntetako lexikoa, gutxienez, baduena.

Hala ere, gai berezituetako terminologia norberak sartzeko aukera izango du bere hiztegi pertsonalean.

Etorkizunean, etengabe eguneratuko denez, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Batzordeak erabakiak hartu ahala, guk ere Xuxenen sartuko ditugu, lexiko baturanzko bidea baita.