XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. ENTZUNGAIAK
3.1. OHEA, ALTZARIRIK MAITEENA.

HELBURUA: Hizkuntz trebetasunetakoa: Entzumena eta idazmena lantzea.

IRAUPENA: 45-60 minutu.

MATERIALA: Kasetea. Ikaslearen liburua.

ERABILEREA:
Ohea, altzaririk maiteena entzun ostean, gidoia irakurriko dabe ikasleek.

Barriz ere entzun, eta gidoia oinarritzat hartuta, entzundakoaren laburpen idatzia egingo dabe.

OHEA, ALTZARIRIK MAITEENA.

Egia esateko, altzari hau ez da hain zaharra.

Gizona batera eta bestera ebilen garai haretan, hau da, nomadismoa nagusi zanean, ez egoan oherik.

Gure arbaso zaharrenek bestela lo egiten eben, batzutan azpian larruak ipiniz, beste batzutan orbela edota algak.

Ez bakarrik Erroma edo Grezia zaharreko garaian, Erdi Aroan ere ohea lujozko gauzea zan.

Aberatsek baino ez eben ohean lo egiten.

Hori bai, holako traste bat eukenek ederto aprobetxatzen eben.

Ohe estu hareetan jan eta lo egiten eben eta, antza danez, jaietan eta ospakizunetan ia-ia ez ziran handik altxatzen.

Beste modu bateko ospakizunak ere, eta harrigarriagoak gainera, egiten ziran ohean.

Erdi Aroan askotan izan zan politika egiteko tokia.

Edozein arazo politiko edota borroka konpontzen bazan, hurrengo gauean protagonistek, alde batekoek eta bestekoek alkarregaz lo egiten eben.

Horrelaxe erakusten zan parte bien aldetik konfidantza osoa egoala.

Dana dala, normalean oheak ez ziran indibidualak izaten: Familia aristokratikoetan ere askotan ohe handi bakar bat egoten zan eta hantxe sartzen ziran danak, gurasoak, semealabak, bestelako gonbidatuak eta baita animalia batzuk ere, txakurrak eta katuak normalean.

Bitartean, jende apalak lasto gainean egiten eban lo.

Baina material hori ez da oso ona, gela umela bada, bera ere umeldu egiten da eta.

Eta, bestalde, lastoa maite dauan zomorro ugari dago mundu honetan.

Pertsoneari ondo lo egiten izten ez deutsen horreetakoak gainera.

Pertsonaia historiko batzuk ikaragarri ohezaleak izan ziran.

Famatuena Richelieu izan zan.

Jende askok daki honez gero kardinal harek egunean orduerdi baino ez ebala egiten ohetik kanpo.

Tarte horretan erregearengana joaten zan, barri batzuk komentatu, haren enkarguak jaso eta atzera ohera.

Apoplejiaz hil zan Richelieu, 57 urtegaz eta, jakina, ohean.

Henri Matisse pintoreak egin ebana ere ezaguna da.

Ohean egoan bitartean pintzel luze batez gelako sapaia pintatu eban.

Eta Suediako errege batena ere aipatzekoa da: Errusiako Pedro Handiak gerrea irabazi ostean, Karlos II.a errege suediarra (1697-1718) ohean sartu zan eta hantxe, urten barik, hamazazpi hilabete pasatu ebazan.

Halakoa izan zan hartu eban penea.