XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure albistegien orduetan gizonezko baino emakume gehiago izaten zen, ondo zaintzea merezi zuen, bai, ikus-entzulegoaren zati inportante hark.

Orduan ez zitzaigun oso ideia ona iruditu; horrek esan nahiko zuen gainerako informazioak, guk tratatzen genituen albisteak, ez zirela emakumeen interesekoak. Hala ere, orain uste dut ez dela alferrikakoa nolabaiteko jarraikortasuna izango lukeen espazio bat sortzea, batez ere emakumearentzako gai interesgarriak jorratuko balitu eta behartuko bagintu ahalegin bat egitera gai horretaz asmatzeko, zientzietan, Unibertsitate, Justizia, politika, udal, gizarte laguntza eta abarretan emakume protagonistak aurkitzeko. Ongi dakigu gauza interesgarriak egiten ari diren emakumeak badirela, baina ez ditugu ezagutzen.

Baina, lehen esaten nuen bezala, gu geu ere murgilduta gaude entzulegoak lortzeko gerran. Eta gerra horretan telebistako programatzaileek argi dute emakumeari zer gustatzen zaion eta zer ez. ETBko programazio departamentuak emandako datu bitxi bat: programatzaileek eginiko sailkapenaren arabera TV1, Tele 5 eta Antena 3 emakumeen telebistak dira, horien programazioaren jarraitzaile gehienak emakumeak dira eta gizonen telebista izango lirateke, hemen Euskadin, ETBko bi kanalak eta TVEko bigarrena. Iruditzen zait katea horiek beren programazioan kirolari dedikatzen dion ordu puska ederrarengatik izango dela.

Adierazi didate, alabaina, azkenaldi honetan joera horrek aldaketa bat izan duela gure telebistari dagokionean. ETB-1ean Goenkale, herriko, bertako osagaiak dituen telenobela dela-eta, gehienbat emakumeek segitzen dute; eta berdin gertatzen da Ana, ETB-2ko talk-showarekin, non pertsona anonimoek eta ospetsuek beren bizipenez hitz egiten dioten Ana Alvarez programaren zuzendariari.

Nik esango nuke bi programa horien kalitatea aski ona dela eta beste kateek emakumearentzat programatzen dituztenen gainetik dagoela: sugetzarrak, txutxu-mutxuak, reality showak... Eta hala ere ikusi ikusten dituzte, eta franko gainera.

Emakume kazetariok, komunikabideetan daukagun kokapenetik, ahalegin bat egin behar ote dugu medio horietako edukiak bai kalitatez eta baita interesean ere hobetzeko? Ez da lehenbiziko aldia galdera hau egiten diodana neure buruari, nire lankide batzuei ere egin diet eta erantzuna baiezkoa da. Baina beldur naiz errealitate bat baino gehiago asmoen aldarrikapen bat ez ote den.

Izan ere, ez da erraza agintzen duen errealitateari zirkin egitea, ez da erraza gai berriak asmatzea ezta emakume egokiak, gizon baten prestakuntzarekin gauza berataz mintzatuko liratekeenak, bilatzea gure programetarako. Ahalegin gehigarri bat behar da, jende gehiago lanerako, dedikazio handiagoa eta batez ere behar dira emakume gehiago interesatzen diren informazioen edukiak erabakitzen diren tokietan.