XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezer baino lehen begibistan dagoen zerbait esan behar dut: emakumeok ez gara beste gizakiak ez bezalakoak, eta horregatik, gizonei interesatzen zaizkien gai berberak interesatzen zaizkigu guri ere. Gero eta zentzu gutxiago du honelako esaerek: emakumeak ez daki deus ere ekonomiaz, politikak ez dio axola, kirolak berriz gorrotatzen ditu eta mundua urrunegi dauka.

Hori esan ostean, hala ere, uste dut badirela, bai, emakumeen gaiak.

Bada makina bat gai bereziki emakumearen interesekoak eta gai horiek zerikusia dute gure sakoneko munduarekin, gure bizipenekin. Emakumeak informazioaren eremuan multzoka sartu izanak emakumeen kazetaritza mota bat agertarazi du. Emakume kazetariak, emakumeentzat eta beste emakumeei buruz idazten dutenak. Nire ustez, emakumea samaldan sartzeak informazio munduan, kazetaritzan, emakumeentzako kazetaritza ekarri du berekin, eta horrekin batera emakumeari bereziki interesatzen zaizkion gaienganako sentsibilitateak tokia izatea eduki orokorragoak dituzten komunikabideetan ere.

Orain mintzatuko naiz hobeki ezagutzen dudan medioaz, Telebistaz. Oroipen berezia dut ADOS? izenburuko eztabaida programa bat, Maddalen Iriarte moderatzaile, ETB batean eman zutena duela hiru bat urte. Erditzeaz aritu ziren, galdetzen zen ea zer zen hobea, erditze naturala edo ospitalean laguntzarekin... gai horrek ia bi orduko eztabaidarako beta eman zuen. Ezein gizoni ez litzaioke behin ere bururatuko horrelako eztabaida bat eratzea. Gizon bat ez litzateke seguru aski konturatu ere egingo alargun gelditu den emakume batek senarra zenak zeukan tailer txikiaren ardura bere gain hartu eta horrela enpresa eta lanpostuak onik atera izanaz.

Gure albistegietan erreportajetxo bat dedikatu zioten eta horrela emakumearekin erlazionatutako beste hainbat gai, espero genuen bezala, beste ezein mediotan agertu ez zirenak. Hori da emakume kazetariek egin dezakeguna, baina hemen autokritika bat egin nahi dut, izan ere zinez sinesten baitut motz gelditzen garela, ez garela beren eguneroko lan isilarekin gauza garrantzitsuak egiten dituzten emakume anonimoen mundu horretara iristen.

Gu ere eramaten gaitu titular handien, politikako eta ekonomiako izen handien, eta gure medioak bezalakoetan entzulegoen gerraren zurrunbiloak. Duela urte pare bat Euskal Telebistan gure artean izan genuen telebista iparramerikarreko katea handi bateko profesional bat; etorri zen bere esperientziaz hitz egitera, baina batez ere guk lana nola egiten genuen ikustera.

Harritu zen gure albistegietan ez ginelako emakume gaiez mintzatzen eta iradoki zigun gure albistegietan eguneroko emanalditxo bat sor genezan, emakumeari soilik zuzendua.