XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta orduko ba-zioan gudaroste osoa alor agiriak zear, zaldiz ugari, urre ta jantzi margoztuz aberats.

Mesap'ek daramazki aurreko taldeak, azkenekoak Tir'en seme gazteak saka-erazten dituztela; saldo erdian doa Turno buruzagia, iskilluak eskun eta besteen artean oso nabarmen.

Zazpi erreka narez aziriko Ganges sakona ixil-ixil doan antzera, edo-ta Nil, ur jori, alorretan zear barreatu ondoren, berriz ere bere uaskan biltzen dana emanik, aurki.

Teukrotar-ak, ordun, urrundik ikusten dute nola auts beltzezko odei bat otoz-otoan moltxatu ta zelai-zabaldegietan itzalak jeikitzen diran.

Bestaldeko muiñotik, Kaiku da lenengo ots dagiana: Zer mukuru dugu, o uritarrak!, illun beltz onantza datorkiguna?

Eraman burnia azkar, eman geziak ere, igo zaitezte orma goietara.

Etsaia dugu emen, aurrak!

Irrintzi ikaragarriz, teukrotarrak ate danetatik itokarrean sartuaz, arresiak betetzen dituzte.

Irtetzean, ba, Enea iskilluetan bikaiñenak, onela agindurik zeukaten: bera urrun zala onakorik gerta ba'lekie apika, etzitezela ausartu burrukari lotzen, ezta gudu-zelaian usterik ezartzen ere; olakoan, kapartegiak utzi gabe, sendo-erazi zitzatela arresiak jagon-babesez.

Lotsak eta sumiñak, beraz, muturketara bultz erazo arren, aren esanera makurtuz ateak itxi ta dorre utsetan, iskilloturik, etsaiaren zai daude.

Turno, len, ogei zaldizko auta lagun, zaldun sail nagiaren aurrean egaz bezela zioana, orain uri aurrean aurkezten da alde batera; traziar zaldisko zuridunak darama gain, eta urrezko oskola jazten du buruan, egats gorriekin.

Eta, oi gazteak, zuetarik nor izango, nerekin bat, etsaiari lenengo erasoko diona?... Ona , diño.

Ta azkon bat, biurturik, gudu-kizkaren asiera, noski aidean jaurtzen du ta burruka zelaian sartzen zaizu lerdenki.

Zantzo ta txalo joka goratzen dute lagunkideak, barbail ta zalapart izugarrian ari ondoren jarraiturik.

Teukrotarren gogo epela miresten daude, orraitio, gizon aiek ez baitira jeisten zelai pentzera, ez baitatoz iskilluz burrukatzera, beren kapardietan geldi egon baizik.

Turno'k, bata ta besteagatik armin, uri-ormak arakatzen ditu zaldi-gain, ez duten alderditik igaro-bide billa.

Otsoak, gau-erdi beranduan, artegi baten inguruan kuku, auri ta marraio dagi eskorta auzo, aize-euriak parrastaka leporaturik; bildotsak, ordea, ama ondoan eskier, beeka ari dira, ura, latz ta aragi-zale, arrisku gabe daudenen aurka gaitz-erazi ta zezendu oi dala: jan-ez luzeak akulatzen, eta autz odol egarmiñak gaiñez eragiten.

Asarreak era ontan sutazten du Errutuldarra ere, uriko ormak eta guda mutillen etzauntzak ikusiz; miñak irakin dirakio ezur latzetan, eta bere buruari galdetzen dio nolako kako-makoz sarrerara joko dun, zer bide artuko dun teukrotarrak gorde-lekuetatik aizatu ta lau agirira eramateko.