XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Enea troiarrak eta Daunitar gizurenak ere, era berean alkarri erasoten die beren erredolakin: dunbateko ikaragarriak dardartzen ditu zerugoiak.

Bi azpiltxoak Jupiter'ek berak dauzka orratz bat berean, bi burrukalarien adu bixikoak aietan ipiñirik, nekeak nor dun kaltekor eta eriotza zein pixutan makurtuz doan ikusteko.

Turno'k orduan jauzi (saltu) egin ta, ezpatea goigoi, soin oso zutik jarri ta (zigor gabe, berak uste) Enea jotzen du.

Troiarrak eta Latindar izutuak deadarka asten dira; guda-sail biak, lerro-lerro, alkarri begira daude.

Ezpata etoia, alare, zartakoaren erdian gartsua utzirik, erdibitu egin zaio Turno'ri: igesak gerizpean artzen.

Itzuri doa, bai, Euro bezin azkar, gider ez-ezagun ura ta bere eskuiña iskillu gabe ikustean.

Lenengo burrukaldietan azkar bai azkar zaldi uztartuetara igo zanean, bere aitaren ezpata ordez, bere burtzain Metisko'ren burnia eskuratu omen zun, eta aski izan zun ura teukrotarrak iges joan zitzaizkion bitartean; ezpata ilkorra baiña, Vulkan'en zerutar iskilluetara etortzean, apurtu egin zitzaion zartakoaren indarrez, izoztela kaixkarra bai'litzan; pusketak dizdiz dagite ondar gorrian.

Turno, beraz, beretik irtena, ara ta ona igesean dioa landetan zear; orain emen, gero an, zalantzazko oboak eta inguruak dagizki, koroi estuan baitute teukrotarrak ertsi osoan; andik, gaiñera, zingira zabalak esitzen du, emendik morkaitz goituak.

Enea ere, ez gutxigo, geziak nagierazi belaunak noiztenka ibillia eragotzi ta oiñatzarri izanagatik, Turno'ren jarrai doa, gori ta adoretsu astoratuaren oiña bere oiñez zapaldurik: eiza-txakur batek iñoiz, ibai-ertzak geldiazia edo egats gorrizkaren ikaraz esituriko oreiña aurkitzean, ibilli bizkor ta zaunkaka erasoten dio ari; oreiña, jakiña, lakio ta ur-ertz goenez ikaratua, igesari emanda milla bideetan zear itzuri nairik ari da, irteiera billa; unbriar biziak, ordea, ao-ortzak erakutsi ta kirriskatuz arin bai arin geldiazten du; oratu ba'lu bezela, masail-ezurrekin kurrizkatzen ere bai, ziria sartzen baiña koska utsalak.

Ots ikaragarria sortu da bertatik, birako ur-egalak eta zingirak erantzunik; ortzialde guztiak trumoi antzo zarata dagi.

Turno'k, igesi doala, errutuldar denak erabat larderiatu ta gogorrean artzen ditu, bakoitzari bere izenez dei egiñik; bere ezpata ezaguna eskatzen die azkenez.

Enea berriz, iñork zirkiñik baldin ba'dagi ete-eteko eriotzaz keiñatu beste aldetik eta, uria zeatz soilduko diotelako zemaiz, izukoi daudenai latzikara biotzeratuz, naiz-ta zauritua gaiñera doakio ari.

Bost bider biratzen dute biak zelaia, atxi-atxika; beste ainbestean baita ebaki ere beren lasterra; ezpaita auntzaren gaberdiko eztula ez iruzur-ziñua aiek nai duten amaia; Turno'ren bizitz-odolari buruzko saioan ari dira.

Ementxe zegon alabearrez osto mikatzdun bas-oliondo bat, Paun'i eskeiñia, itxastarrentzat agurgarria aintziña; itxasotik gaizkatuak emen tinkatu oi zituzten, bada, emaitzak Laurente jainkoari, baita zintzilikan ipiñi ere jauntzi opetsiak.