XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nun zure omen, Trinakri osoan zear edatua?

Ta gudu-ondar aiek, zure atadietan zintzil jarriak?

Ark, berriz, onelan jardetsi: Ezta, ez bildurra, txalo-min edo dirdai-naitik saiestu nauna; odol izoztua, baiña, zabar dabilkit zartzaro aulean ta otza sartu zait soin-indar aituetan.

Ai, beiñolako gaztetasuna gaur ba'nu, ausarta onek duen bezela!

Orduan bai, aurkeztuko nintzan saio-zelaira, ta ez aurki sari edo zekor lerdenak eraginda: ez bait-dut emaien axolik.

Onelan mintza ta erdira egotzi zitun pixu itzaleko bi saskiak: Erix zuarrak oiekin apaindu ei zitun burrukarako bere eskuak, larru latzez besoetara itsatsiz.

Izu-ikaraz so zeudenak oro: txit zaillak bait-ziran, berunez ta burniz eioak, zazpi idiren lepo-larru eskergak.

Dare bera duzu geienik arritzen dana, ta bein ta berriz muker da burrukarako; biotz aundiko Enea'k, berriz, arat-onat darabil azta astuna, lokarri biribil neurrigabekoz ornitua.

Ordun Entel Zarrari itz auek irten zitzaizkion barnetik: Eta zer gertako, Erkul beraren saski ta iskilluak, itxas-ertz ontako zanpa-zanpa zorigabeak norbaitek ikusiko ba'litu?

Tresna auek zeramazkin beiñola zure anai Erix'ek; ikusi oraindik odolez loituak, baita buru-muin garbatua ere.

Auekin gudukatu zuen Alkide sendoaren aurka; neroni ere auetara egiña nintzan, odol obeak kemena zemaidanean, ene bi lokietan zartzaro barne-jaleak ainbat zuritasun oraindik edatu etzunean.

Baiña Dare troiarrak gure iskilluak nardatzen baldin ba`ditu, ta Enea onari eder ba'zaio ta liskar ontara erakarri nauan Akeste'ri on ba'derizkio, berdin dezagun joko au: Erix'en larruak uzten dizkitzut; ez izan bildur, eta erantzi zuk ere troiar saskiak.

Au esanaz, bota zun lepotik izur biko txamarra ta bere gorputz lerdena erakutsi zun, ezur gordin, beso giar; gizaki tantai ura zutik; jarri zan ondartzaren erdian.

Ankise'ren seme, Enea aitak ortan saski berdintsuak ekar-erazi zitun, bien eskuak iskillu berdiñez korapillaturik.

Biak bat-batean beatz-gain ta arnasa aundiko, aizetara jasoten dituzte besoak.

Gero, saioka, buru jaikiak ukalditik atzeratu, eskuak eskuz nastu ta burrukarako aizeatzen dute alkar: ura, obea oin-zirin eta gaztezaro tinkoz; au, soin-enbor eta mukuluz guntsu, baiña zarrez belaun-sor ta dardarati, arnas gaitzak soin lotura nasaiak zartatzen dizkiolarik.

Alperrik ari dira burrukari, biak aurkako zarta ugariz alkar zauritu nairik; aunitz ukaldi intzirika gelditzen baitira alderdi ta une utsetan, eta beren bular-auspoak arnas aundi neketsuak damazkite; pizkor ta maiz, alderrai dabil eskua belarri ta loki inguru, masaillak zartakatuz ukaldi ta danbada gordinpean.

Zutik, tente dirau Entel zuarrak, ekin berdiñean, gorputz-igigunez ta begi-zoli saiesten ditula aurkakoaren blaustadak.

Bestea, berriz, uri garaiari gudutresnaz erasotzen dionaren antzera, edo-ta gaztelu menditsu baranoan iskilluzainpe dagonaren gisa, gartsu ari da oratu naiean; ara ta ona joera guztiak marruz ta antzez zaintzen ditu, baita jazar-azi ere, naita maiz eraso alperrikakoz.

Entel'ek, jaikiz, gora jasotzen du eskubia.