XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iraileko lau igandeetan izaten dira erromeriak.

Haundienak, hala ere, azken bietan.

Bi aldeetatik joaten da jendea, kostaldekoak Aia eta Asteasutik gora, eta beste jende asko Errezildik eta Bidaniako garai bateko Diputazioaren ostatutik.

Joan zen igandean, goizeko hamarretarako batzu jadanik menditik jaisten ari ziren.

Gizonezkoak denak, bakarrik edo binaka, oso Erniozaleak seguru asko, urtean hogei aldiz edo igandero joaten diren horietakoak.

Horiek ez dira erromesak, bere artean erromeria horiek sobran daudela pentsatuko dute gainera.

Erromesak polikiago doaz Iturriozko bentatik gora, ume eta guzti, batzu irratia piztuta, senar-emazte gazteak eta umeak kurioso eta dotore jantzita beren txandal, niki eta zapatila koloristekin.

Panorama hori ikusita, batek ez daki Erromes esan behar den ala zer.

Izan ere, hitz horrek ondo eusten dio oraindik kutsu erlijiosoari eta Erniokoa erromeria zibila da gehienbat aspalditik.

Guruzbidea, gutxi batzuren kontua

Zelatungo txaboletatik gora egiten den bidea nahikoa guruzbide da edadeko jendearentzat eta, zer esanik ez, zaintzen ez diren gazteentzat.

Beste guruzbidea, tontor azpiko zelaitik goiko puntaraino egiten den hori gutxi batzuren kontua da gaurregun.

Joan zen igandean, tontor ondoko harrizko gurutzearen kontra zintak eta zintzilikarioak saltzen egoten den emakume errezildar horrek errezo-liburua eskuetan hartu zuenean, laubost lagunek bakarrik segitu zioten, beren umetxoekin.

Nonbait, aspaldiko ohitura da guruzbide hori Errezilgo emakume batek gidatzea.

Garai batean, Luis Pedro Peña Santiagok bere Fiestas tradicionales y romerías de Guipúzcoa liburuan kontatzen duenez, guruzbide bat bukatu orduko hurrengoa hasten zen.

Orain une batzu direla, argizaria, bildumena esaten zitzaion argizaria eramaten zuen jendeak guruzbide hartara.

Bukatu zen argizaria, ia-ia bukatu da guruzbidea, baina bukatu ez direnak aroak dira.

Tontor azpiko gurutze horretan eskegita egoten diren burdinazko aroak.

Hauxe da, gainera, martxa honetan puska batean iraungo duen ohitura.

Erreumaren kontra omen dira.

Eta joan zen igandean ez zuten aro horiek pake haundirik izan.

Jende askotxok pasa zituen burutik behera.

Batzuk aro bakarra hartzen zuten baina gehienek banan-banan aro guztiak pasatzen zituzten.

Kostaldeko emakume batzuk izan ziren zeremonia hau lehengo modura egin zuten bakarrenetako batzu: lehenengo aroari musu eman, ondoren altxatu eta poliki burutik behera pasa, hanka azpitik atera-arte.

Emakume haietako batek gerrian zuen nonbait erreuma, eta gerrira ailegatzean piska batean jiratu egin zuen aroa.

Beste batek, dirudienez, besoetan zuen gaitza, zeren burutik behera pasa baino lehen besoetan egin bait zuen operazioa.

Fedea behar omen da

Horretarako fedea behar omen da, eta nik ez daukat esan zion emakume batek bere gizonari erreumaren kontrako lan hori egiten ari zen unean.

Eta gizonak erantzun: Orain behintzat eduki dezagun fedea.

Andaluziakoa izan balitz ohitura hau, eta telebistatik jendea aroekin nola saiatzen den ikusi, batek baino gehiagok egingo lioke barre, baina Ernion inork ez zion barre egiten; burdinak ikutzen ez zituztenek ere serio begiratzen zieten aroei.

Salgai dauden zintak eta zintzilikarioak ere erreumaren kontra ziren garai batean.

Mina zuen lekuan jartzen zituen jendeak.

Gaurko egunean badirudi gehienbat apaingarri bezala erosten direla, baina beti ere jakinik osasunerako onak direla.

Jo ta Kieren kasete bat aditzen ari ziren gaztetxo batzuk ere erosi zituzten beren zintak.

Haietako bati bekokian ondo geratuko zela iruditu zitzaion eta, halaxe, Errezilgo saltzaileak buruaren atzekaldean lotu zion zinta gorria.

Zinta sakratua buruan zuela arratsalderako konzientziako gaitz guztiak sendatu zitzaizkion beharbada.

Eta honez gero gregorianoa rock-a baino mila aldiz hobea dela esaten ariko da gure mutiko hori.

Datorren igandean eta, batez ere, hurrengoan, eguraldia lagun, Ernioko bazterrak zinta, ume eta txandalez beteko dira berriro.

Erniozaleek berehala hanka egingo dute eta erromeria berri bat hasiko da.

F. IBARGUTXI.