XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iratze metatik erortzen nintzelarik.

Bere altzoan pausatu zikan
Ene gazte gorputz gordina,
Bularren kontra tinkatu
Ene buru iluna;
Bere hatsaz berotu
Ene harpegi hoztua
Eta bere begiez xukatu
Ene begi bustiak...

Nigar egin nikan
Burrustan nigar egin bozkarioz
Gau hartan ezagutu beinuen
Eta betikotz ezagutu eta konprenitu
Lenengo emazteki ttipito hura.

Ene Ama dela
Eta ni haren Haurra
Haren sabeletik sortu umea
Haren haragitik moldatu haragia
Haren odoletik hazi odola.

Zonbeit urteen buruan
Ene etxondorat
Itzuli nintzan batez...

Negua zukan: denbora ilun
Mendi kasko, landa eta alorrak...
Elurraren pean.

Biloa xuritua matelak ximel
Eriak iddor, zainak esku gainean ageri...

Ene Ama hatzeman nikan
supazter xokoan
Su haundi baten aintzinean
Berotzen ari.

Lehengo Ama
Betiko Ama:
Bi begi argi
Zeruko urdina beno urdinago;
Bi ezpain gorri
Udako beroa beno beroago;
Bi beharri ttipi
bat zoin bestia beno ederrago
Bilo petan gorderik.

eta bihotz bat!.