XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
(...)
TELOIA ERORTZEN DA ETA AKABATZEN DA AURRENEKO ZATI HAU.
AZKENEKO ZATIAAurreneko zatian dekorazioa oso zehatza izan da, aulki batek egon ukan behar duen lekuan aulki bat egon da, eta kopa bat badiogu, eztugu esaten baxo bat edo gatelu bat: kopa bat diogu. Baina azkeneko zati honetan, bestela izanen da; Ama Birjina Epaltzakoaren Monasterioan gaude, bertako Abate Nagusiaren gelan.
Alde batean Abatearen ohea: okolazko tabloi batzuk, arraiak gordetzeko kaxa batzuren gainean. Erdian, eskribitzeko mahaia, landu gabeko harrizko koadrado bat. Lau aulki: kalabo-arbola puntak. Eztago egiazko dekoraziorik, bakarrik oihal beltzezko gortina batzuk.
Personak sartzeko eta ateratzeko, eztago aterik, gortina hoek altzatu beharko dira, eta azpitik pasatu. Gortinen gibelean, argi more edo gorri batek gurutz haundi baten irudia botako du iruditegiaren gainean.
SERAPHICUS - Akabatu zen.
ANGELICUS - Hasi zen.
SERAPHICUS - Hola da gizonaren bizia. Gauza bat akabatzen denean, beste bat hasten da.
ANGELICUS - Uda akabatzen denean, negua hasten da.
SERAPHICUS - Ekaitzaren ondoan, aterria dator.
ANGELICUS - Eta aterriaren ondoan, gaua.
SERAPHICUS - Gauaren ondoan, egunsentia.
ANGELICUS - Bakarrik gauez jaio denak pentsatzen du atzorik eztela egon.