XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berri oriek, gaiñerako irakurleek ere gaiaz jabe ditezen, G. Larrañaga'k Aránzazu aldizkari ederrean (122'gn. zenbakia, aurtengo Abuztukoa) argitara duen idazlan batean ikusi dituzu: El euskera y el dravídico (Sugerencias de un articulo) deritzanean.

Larrañaga jaunak beste artikulu batera garamatzi, Aita Salbatore Barandiaran euskaltzale gartsuak Arbor-en aurtengo Martxoan azaldu duenera, eta Aita Barandiaran'enak, berriz, Lahovary jaunaren iker-lanetara: , Larrañaga jaunaren esana itzez-itz aldatzeko.

Iker-lan orien ondorea, dirudienez, auxe da, edo onelako zerbait behintzat: gure izkuntzak baduela aidetasun berezi bat egoaldeko India'n (brahui delakoa izan ezik) eta Ceilan'en zati batean bizi diren izkuntza dravidikoekin.

Orrenbestez, beraz, euskera zaarraren jatorri eta iturburuarekiko auzi aspergarria erabakia legoke.

Zenbait poztu egingo da, argia azkenik sortu delako, eta sortaldetik datorren argia, berriz ere; beste zenbait, ordea, goibeldu, euskerak antziñako ugartetasuna galdu duelako.

Beste batzuei, bukatzeko, berdin edo berdintsu izango zaie.

Eztakit, berriro ere esango dut, zeiñetarikoa zaitudan, baiña nola nai ere etzenduke aurrerantzean zalantzan gelditu nai.

Iritzi-billa zatozkit aurkitze edo atzemate berri onezaz, nereak zerbait balio duelako ustean.

Eskerrik asko zure siñeste onagatik.

Maiz aski esan izan didate baitezpadako erantzunak izaten direla nereak, eztudala iñoiz bai, bai edo ez, ez erantzuten, kristau zintzoaren antzera.

Oraingoan beintzat eztuzu orrelakorik izango, zenbait puntu zorrotzetan laburtzera noan ezkero nere esatekoa: I. Lahovary jauna gizon asko-jakiña da, baiña ez, besterik badiote ere, irakaslea ezta izkuntzalaria ere.

Eztago or lotsaizunik, munduan barrena jantzirik naiz larrugorrian dabiltzan gizon-emakumerik geienak eztiren ezkero ez bata ta ez bestea.

Ezta irakaslea, ezpaitu iñon irakasten, bizibide oberik baduelako noski.

Eta ezta izkuntzalaria linguistikan, beste edozein gaietan bezala, ikasia izateko egin bear den lan aspergarria egin nai izan eztuelako.

Geienez ere, esan diteke linguistika dela bere txolarte ugarietan gogoko izan duen hobby edo denbora-paxako jostaketa kuttuna.

2. Lahovary jaunak eztu euskera ezagutzen.

Eztut esan nai eztakiela euskeraz mintzatzen, idazten naiz irakurtzen; ez.

Besterik esan nai dut: eztakizkiela gure izkuntzarekiko oiñarrizko jakinbearrak ere, konparatista bati bere lanerako dagozkionez ari naiz, edozein linguistak denbora gutxiren buruan menderatuko lituzkeanak.

Geiegizko baderitza norbaitek esan dudanari, irakur beza astiro Lahovary jaunak gure artean, Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País 14 (1958), 227-257 (eta leenago, II (1955), 249 eta urrengoak), argitara zuen artikulua.