XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aita Plazido Mujika`ren Omenez (1974 - San Pedro aurreko astean).

Aita Plazido Mujika`ren Omenezko Aste Beterako, itzalditxo bat, Lasarte`ren Historiaz eskatu didate lasartear adiskide batzuek.

Eta nik baietz erantzun.

Eta pozik.

Oso pozik, bi aldetatik, Lenengo Lasarte`ri nik ez bait dakit ezer ukatzen.

Leen ere, gaur bezela, iru-lau eretitan, beste ainbeste itzaldi egiña naiz ni Lasarte`n.

Eta, bestalde, Aita Plazido`ren Omenerako eskatzen bait zait.

Aita Plazido, euskaltzale bezela, gizonik aundienetako bat degu.

Zor zaio aitormen ori, batzuren batzuek ez dakigu zergatik ukatu nai izan badiote ere.

Azkue aundiaren urren, gure lexikograforik aundienetakoa degu gure Aita Plazido, Jesus`en Lagundiko Aita zintzo eta lasartear jator-jatorra.

Azkue`k, euskeratik erderetarako Iztegi arrigarri bat berak bakarrik egin zigun bezela, gure oriatarrak, erderatik euskerara beste ainbeste ta geiagoko bat egin digu orain urte batzuek, berak bakar-bakarrik, dozena bat urtean, ordu libretan lan eginez bere lagunak afaltzen ari ziran artean, berak lan-ta-lan jardunez.

Olakoxe langille aspergaitza asper-eziña azaldu zaigu gure erritarra; gaur, argitaldutako Iztegi lodi-lodia dana agortuta, argitaldi berri bat prestatzen berriz ere lan-ta-lan ari zaiguna....

Itzaldi au argitaltzean, saldu da Iztegiaren bigarren argitaldia.

Olako gizon baten omenaldian parterik artu gabe ezin egon iñor, eta, iñor baño gutxiago, Lasarte`ko Erriarekin nik añako zer-ikusi izan duanik.

Aitormen au egiñik, bada, asi gaitezen gure lanean.

Lasarte`ren Historia apur bat aztertzeko eskatu didazute.

Guazen arira.