XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hogoi-ta hamar urthez aitu zen Senpertar handi hori, bere egintzaren finkatzen eta zabaltzen.

Eta 1904-ean, bere fraidekin frantseslegek Beloketik ohildua, hil zenean, bazoaken bihotza lasai: piztua zuen Ametsa etzen hilen, erro azkarrak eginak zituen eskual-lur eta eskual-Ariman.

Lazkanon zuen azken hatsa emaiten, bainan frantses-muga berritz ideki orduko, haren hatsak, nola aize-hegoak larre sua, piztuko zuen, azkarturik eta zabaldurik, Belokeko eskual-gain saindua.

Bai zinez, kanta zitaken haren hil-harri gainean:
Lazkanon dago, Aralar zolan, eskual lurrean etzana,
Eskual-ametsik den zabalena asmatu duen gizona...

Haren ondokoak

Hogoi bat urthe itzuliak direla eskual-fraideak.

Hetarik ainitz barreatu ziren urrungo anaietarat eta han gelditu: Argentinan (Abadía de Niño Dios), Oklahoman (U S A), Jerusalemen, Lazkanon (Gipuzkoa).

Mundu-zabaleko eskual-anaien amodioaz bethea zuen bihotza Aita Bastrek.

1887-ean igorri zituen jadanik bi Beloketar Oklohomarat; eta, hogoi urthe gabe, bertze hogoi-ta hamar.

1905-ean Californiak bazuen bere eskual fraidetegia, Monte Bellon.

1899-an bertze bi aita gazte joan-arazi zituen ere Argentina-rat; eta ondotik ethorri hegoi-ta hamar Beloketarrekin, eraiki zuten Entre Ríos-eko eskualdean fraidetegi kartsu bat.

Eman ta zabal zazu Munduan fruitua.

Belokeko haitzak, fruitua nasaiki zabaldu-eta, ari dire berritz muskiltzen eta loratzen.

Gauegun igaiten zaio zeru alde fraiden kantua; eta, hastapeneko ezin-bizia gainditurik, ari dire Belokeko gazteak Eskual-gogoaren alde ameska eta indarka.

Zer ari diren

Lehenbiziko lana: othoitz-kantuez eta fraide-bizitzeaz eskual-anaien eta mundu guzikoen salbatzea, mundu zabaleko herritar guzien eta Jainkoaren ararteko egoitea eta hil-anai guzi-guzien zeruraraztea, zeruetan eraikitzeko Jainkoaren Erresumarekin... bethiereko Eskual-Herria.

Aita Abadeak igorri-arau, jausten dire noiztenka zelaietarat predikari, jendeen argitzeko eta beren khar-gaindiduraz sustatzeko.

Heien lur-lanak are aipatuak dire inguruetan: moda berriko behitegi, oilotegi, udaretegi, erletegi....

Horiek oro egin beharrak.

Jainko-Aitak ere itsas-mendi eta landereak egin zituen, gizona eta Eliza egin-aintzin.

Horiek oro egin beharrak; bainan orai da Beloketarren eskual-lan handia haste.

Zer eginen dute? Geroak erranen.

Bainan, nork sinets? ez baitute oraino beren gainean elizarik, beren eskual karraren araberako eliza eraikitzen badute noizbeit, zer eliza! zer eskual-jenden Amaren beila-tokia!.

Beren eskual-goiburuaren araberako liburuak ager-arazten badituzte, zer eskual-gogoaren zabaltzea!.

Hastetik izan dire, heien artean, idazlariak: orok ezagutzen dituzte Aita Joanategi-ren liburu mamitsuak.

Egungo egunean berritz edozoin eskual-agerkaritan, ikusten ditugu horko izenak: Beltchu, Fraide, Otto Apeza, Aita Tchi, J. O. eta bertze....

Berrikitan osteka bildu da jendea Donibane-Lohitzunen, Beloketar bi antzerti aditzeko: Mortutik oihu eta Eguerri.

Orai hiru urthe argitaratu da Aita Lertchundi-ren Kantika-liburua, 371 eresi zahar ala berri dauzkana.

Nola ez aipa oraino heien eliz-lanberriak: Mugerreko eskual-bezperak, jaz Baionan egin eskual-liturgia-ko hitz-aldia, Andre dena Mariaren Laudorioak, eta bertze.

Nola ez aipa ere Monzon-ek, besapean, Apirilaren 6 batez eraman olerki-liburu agertugabeak: Pindar eta Lano eta Zerumenditik.

Bai, irakitan dago gain hortan Eskual Gogoa.

Zer jaliko da hortik?.

Geroak erranen, geroak eta Aita Bastre-n eskual-Ametsari, goiko-Suari ufa eginen dioten bihotz zabalek.