XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neurtitz Berriak

1- Ixil organua
ixil dut ezkila,
aldarean daukat
gure Yaun umila,
abean eseki
guregatik ila.
Aitaren ITZA da,
bañan itz ixila;
ixilik ari naiz
ixil orren billa.

2- An nagozu bakar
Eliza-xokoan
begiak ertsirik.
Ernai? Lo-xorroan?
Ez dakit bi oien
muga non dagoan.
Kristoren ixila
dutala gogoan
sartzen naiz barnera
aldi betikoan.

3- Aldia zer danik
galdu dut aria:
oparo dut artzen
siñeste guria.
Ordu bete, gozo,
yoanik abia,
neretzat an dago
orratza geldia,
betiraundearen
iduri bizia...

4- Ba-nago, ba-nago...
Goizaren idorra!
Sumatu dut noizbait
gorputzaren lorra.
Intzik ez daneko
da fede legorra.
Ez dut itzuri nai
burruka gogorra;
emango du Yaunak
guri dan goporra.

5- An ari naiz, buruz
Koral bat aurnartzen
nik itzak emanik
azpitik kantatzen.
VERBUM CARO dugu
Elizan entzuten;
ark dit egunero
belarria yotzen,
arek dit agoa
apur bat goxatzen.

6- Geroen batean
organuak soñuz
FUGA bat asten du,
bai baitakit buruz.
Ez dut aski oroiz,
bear dut adituz;
belarrik narama
barnari lagunduz,
Yauna zentzu guziz
ta gogoz maitatuz.

7- Asi da, ari da
iruten, ariltzen,
ekin eta yarrai
bilbatzen, eiotzen.
Ari-albiñua
sei notak atontzen:
aiek itzul, iraul,
iñoiz ez aspertzen
itokin antzera
biotz au xulatzen.

8- Ba-nago, banago,
artu dut aria,
berriz itzuli zait
siñeste guria.
Azkenik, aztu zait
aldien aldia,
eta betierak
nauka idukia.
Betikor senti naiz
Yainko-iduria.

9- Bukatu da FUGA,
ixil organua,
piztu da neregan
Maitearen sua.
Ixiltasun ori
orain da goxoa:
legun da musika,
legun da soñua,
legunago aren
ondoko gantzua.