XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ILLARGI AIZPA

Izar guzien aizpa zarrena,
or da Illargi zerura irtena.
Eguzkiaren emaztegai da,
ta gaur du eztai-eguna.
Ozkarbi zear bidari ixilla,
maitez dar-dar Eguzki-billa:
senargai berak argiz jantzi du,
ontzako urre borobilla.

Aizpa txikiak eztai-soñuan
Illargiaren leñuruan,
biribilketa asia dute.
Izar-dantza da zeruan.
Zeru illuna dantzari txuriz
galtzen doa goizeko argiz:
Eguzkiaren etzan-lekura
jo du Illargiak maite-irriz.

ITXAS AMA EPAIPEAN

Orruka ari dan
itxas nastuari,
aizeak burrundan
diotsa kantari:
Ama sabelaundi,
arraiz ta urez izor,
gañean zabaldi,
sakonean malkor.

¿Zerk galerazten din
loaren magala?
¿Sukarrez burumin
dardaraz aut, ala
epai zorrotz bidez
loa uka din Jaunak,
betiko logurez
mintzeko ire egunak?

Uin arroa aparrez
betetzen ondartza:
ire bular esnez
zuritu den aitza.
Magal zabalean
dantzan lau ontzixka.
¿Ote-dira agian
aurdun lau seaska?

Islaruntz zeruak
urrezko izerdia:
zapi beltzez gauak
txuka aren bustia.
Iruten Illargi
elur-arilletan:
zillar bide zuri
dagi ur beltzetan.

Itxas amak lurra
oeratu nai du:
olatu negarra
du bere lo-kantu.
Lotan dago dana:
bai mendi, bai zelai.
¡Itxasoa esna!
Ori du bere epai.

MAITE KANTAK

BEGI EDERROK

(Erderazko Ojos bellos que me dais euskeratua)

Begiratu-utsez gozoro iltzen
nauzuten, begi ederrok:
begira-ezik, bizi gozoa
kentzen dezuten izarrok:
Zuen gozoak edo ukoak
berdin iltzen dit biotza.
Ukatuz, miñez; ta begiratuz,
maitez dator eriotza.
Nolanai iltzen nazun ezkero,
naiz gogorrez, naiz legunez:
begira, Jesus, atertu gabe:
ta il nadilla maitasunez!

Ain zoro diardun
dantzari, beti zut.
¿Geitxo egin al-dun
ezkutuan zurrut?
Izan ere, erreka
ta ibaiak bota-ala,
edan den ozenka.
¡Ezten lan makala!